GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

«Egalité»

Azkenean, Frantzian ere lortu da; hemendik aurrera, sexu bereko pertsonek izango dute euren artean ezkontzeko aukera, eta ezkontzatik eratortzen diren eskubide guztiak egikaritu ahal izango dituzte, ezkontzen den edonork bezala. Frantziako eskuina eta edonongo eskuinari irmoki itsatsitako Eliza katolikoa saiatu dira, ondo saiatu ere, eskubide hori aitortuko duen legea eragozten, baina, azkenean, frantsesak zertxobait hurbilago egongo dira bidezkoa den jendartetik, eta apur bat urrunago homofobiatik, pertsona bat bere sexu-joeraren arabera lehen mailan edo bigarrenean sailkatzen den garaitik. Apur bat bai, behintzat.

Apur horri baliorik kendu gabe, argi eduki behar dugu benetan gainditu ezer gutxi gainditzen dela horrela. Izan ere, Frantzian bertan, adibidez, frantsesen erdia baino gehiago ados daude homosexualen arteko ezkontzekin -dagoeneko, esan bezala, errealitate bihurtuta-, baina, era berean, erdiek baino gehiagok ez dute begi onez ikusten harreman horien ondorioz fruiturik ekartzea, alegia, seme-alabak edukitzea. Jakina da, han eta hemen, ondorengoei begirako guztian homofoboak are gehiago saiatzen direla, beren onena ematen dutela, eta, tamalez, lortu ere lortzen dutela. Lortzen dute jarrera politiko nagusiak «ez ezazue eskatu gehiegi, ez ezazue eskatu dena» izaten jarraitzea, zenbait eskakizun kostata onartuta gay eta lesbianek nahikoa eduki beharko balute bezala. Lortzen dute xehetasunei buruzko eztabaidetan katramilatzea sustatuz gauzek bere horretan irautea: adopzioa ez da horren gaitzesgarria, oraindik ezinezkoa bada ere, baina lesbianek osaturiko bikoteek haurrak eduki ahal izatea, ordea, era naturalean, laguntza bidezko ugalketa dela medio, esaterako, onartezina. Homofobiaren mailak, baita matxismoaren zirrikitu lausoak ere.

Horren inguruan, argigarria Eric Fassin soziologo frantsesaren ustea: «Gure herrialdean, seme-alabatasuna sakratutzat jotzen da. Familia ez ezik, herritartasuna ere definitzen du. Pertsona bat frantsesa da, lehenik eta behin, bere jatorriagatik, alegia, odolagatik. Legearen kontra daudenek «naturala» deritzoten seme-alabatasunari eutsi nahi diote, homosexualen arteko harremanak naturaren kontrakoa direla iritzita; eurentzat, identitate nazionala dago jokoan». Chauvinismo eta homofobia nahaste trinkoa, eta zentzugabea, finean, Frantzian.

Beste leku batzuetan, hemen, kasu, homofobia, matxismo eta erlijio nahastea den bezala. Arkaikoagoak, absurdoagoak ala ez, baina argudioak ehunka dituzte bikote homosexualak besteen berdin-berdinak izatearen kontra daudenek, baina bikote horiek emakumeek osatuz gero, haurrak euren erraietatik izateko aukera duten heinean, nabarmenago ikus dezakegu sektore horiengan sortzen den urduritasuna, kontrakotasun zorrotza. Eta, azkenean, lege ausartak barik epelak onartzen dira, hau bai baina beste hori ez onartuta, legearen beraren izaera eta defendatu nahi duen errealitate eta balio soziala -eta pertsonak- desitxuratuta. Egalité, lagunok, ez da honetan bai baina beste horretan ez. Hori iruzurra besterik ez da. Mozorroturiko iruzurra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo