GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Hoberenak ere isilarazten

 

Frantses Estatuan nazionalismo erasokor eta zanpatzailea ez da 60ko hamarkadan deskolonizazioarekin desagertu. Azken urte hauetan horren lekuko izan gara kolore desberdinetako gobernuekin, errepublika abentura berri batean sartzen zelarik, eraso militar berriak abiatzen zituelarik, azkena Malin.

Kolonizazio hitza ez da prentsan ageri, Maliren laguntzera joana zen Frantzia eta militarren goraipamenak ez dira inoiz aski handiak, erreportajeek frantses Armadak zer lan ona egiten duen erakusten digute, nahiz eta desmasien oihartzunak hurbiltzen ari diren. Bitartean Frantziaren eragina, haren interes ekonomikoak, tokiko herritarren gainetik, babestuak dira, ezkerreko gobernua izanik ere, Frantziak Afrikarekiko politikarik ez du aldatuko!

Hollande Indiara joan da, hegazkin militarrak saltzeko asmotan. Hau baita Frantziak atxikitzen duen industria lehiakorra. Eremu horretan inbertitzeko, lanpostuak gordetzeko borondatea erakusten du oraindik. Gerla frantses ekonomiaren zutabe inportantea da, ez du horretan aldaketarako asmorik erakusten. Gertatzen da askotan eskuinari lotutako herri baten eramateko irizpidea izan dela, zoritxarrez Frantziak horretan jarraitzeko nahikeria duela agerian da, Alderdi Sozialista ezkerreko baloreetatik aldenduz. Ezkerrak beste eredu batzuk behar ditu egoera hobetzen hasteko, frantses Estatuan lantegiak hesten ari baitira Europako beste herrialdeetan bezala, egoera okertzen joanen da, ondorioz ihardukitze mugimenduak funtsezkoak izanen dira. Momentuko erantzun soziala hain ahula ikustea ulergaitza da.

Espagnac andereak arazoak ditu alderdian. Emazte ausarta izan da, arriskuak hartu ditu, bere lurraldearekiko ardura politikoa erakutsi du, baina marrazo uretan dabil Paris aldean. Bere alderdiko kide askok interes propioak begiratzen dituzte eta, noski, betikoari jarraipena ematea errazagoa da zerbait mugiaraztea baino. Emazte ausarta! Politikan ez zaie bidea errazten emazteei eta euskal gatazkaren konpontzeko kasuan gutxiago. Euskal gatazka Espainiari lotua omen da, baina gu zer al gara? Alderdi Sozialistak noiz arte segituko du Ipar Euskal Herriko errealitatea ukatzen? Muturretako jarrera honek muga bat beharko du.

Bi preso atera dira frantses presondegietatik. Bost urte eman dituzte, ia-ia, epaituak izan baino lehen eta zigorra ez zen gutxiagokoa izaten ahal. Amesgaiztoa bukatuta, Iruñera itzuli dira haien familia eta lagunen pozerako. Ongi etorri Euskal Herrira. Haatik, beste auzi bat hasiko da Parisen; bertan ezker abertzalearen ordezkaritza egonen da. Politikak eragin handia izanen du auzian. Alderdi Sozialistak keinu bat eman behar luke, baina Hollande buru duen gobernuak aldaketaren atea irekiko al du?

Taubirak altuera erakutsi du ezkontza berriaren aldeko legea defenditzean, politikarien artean gaitasun handiko emaztea dugu. Esperantza ere piztu zigun, alegia irekiagoa izanen zela gure borrokarekiko. Oraindik ez da deus gertatu! Alderdi Sozialistak hoberenak ere isilarazten ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo