Sokatira | Goma Gaineko Txapelketa
Ibarrak Badaiotz mendean hartu, eta 540 kiloko txapela lortu ahal izan zuen
J.L.
Ibarrak irabazi du Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa 540 kilokoan, azkeneko jardunaldian garaile aterata. Ibarrak eta Badaiotzek bosna puntu zituztela ekin zioten azkeneko saioari, aurreko bietan berdinduta geratu baitziren. Beraz, dena Ezpeletako saioan erabaki beharra zegoen.
Gainera, elkarren aurka lehenengo txandan jardutea suertatu zitzaien eta bi tiraldiak irabazi zituzten gipuzkoarrek, baita txapela jantzi ere, ez baitzuten gehiegizko indar xahutzerik egin behar izan Bizindar gainditzeko gero. Zilarrezko domina eraman zuen Badaiotz talde arabarrak, Bizindar mendean hartuta, eta azken postuan geratu ziren Artziniegakoak, jokatutako bi tiraldiak galduta.
Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia ere jokatu zen Ezpeletan, eta bertako taldea, Ñapurrak, izan zen onena. Hasteko, bi multzotan banatuta lehiatu ziren; batean Ibarra nagusitu ze, eta bigarrengoan, Ñapurrak. Gero, postuak erabakitzeko, biak neurtu ziren, eta lapurtarrak gailendu, eta garaipena erdietsi zuten. Abadiñok eskuratu zuen hirugarren postua. Bere multzoan bigarren izan zen, eta besteko bigarren amaitu zuen Iparralderekin neurtu zen, postu hori eskuratzeko asmoarekin. Garaipena lortu zuten eta Iparralde sailkatu zen laugarren. Atzetik, Sokarri, Murueta, Amaiur, Baiona, Basaburua-Imotz, Txantrea eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Pisu honetako bigarren jardunaldia datorren martxoaren 3an jokatuko da Urdulizen, eta han hasiko da 500 kiloko lehiaketa ere.