GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Nazabal eta Zubiaga ere finalera

Nafarrak eta arabarrak itzulerako finalerdia ere irabazi zuten, eta Otaegiren eta Otañoren aurka jokatuko dute azken saioa.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal eta Joxe Anjel Zubiaga izango dira Unai Otañoren eta Joseba Otaegiren aurka finala jokatuko duten aizkolariak, herenegun ere irabazi baitzuten itzulerako finalerdia Iñaki Azurmendiren eta Jon Rekondoren aurka.

Bilboko La Esperanza pilotalekuan jokatu zen kanporaketan sei probetatik bost irabazi zituzten garaileek, eta bat besterik ez, Rekondok eta Azurmendik. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasieran, eta hori faboritoek irabazi zuten. Lana 38 kolpetan amaitu zuten, eta aurkariei baten aldea atera zieten.

Bigarren lanean, bi 45 ontzako ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, aizkolari bakoitzak enbor bat moztu behar izan zuen. Lana minutu eta 53 segundoan amaitu zuten Rekondok eta Azurmendik, eta horixe izan zen irabazi zuten proba bakarra. Aurkariei 13 segundoko tartea atera zieten.

Laugarren ekinaldian, ordea, berriro ere faboritoak aitzineratu ziren. Kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Nazabalek eta Zubiagak minutu eta 34 segundoan amaitu zuten lana, eta 13 segundoko zuloa egin zieten aurkariei, segundo bat aurretik jarriz.

Laugarren lanean, bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hor ere Nazabal eta Zubiaga gailendu ziren. 2.48ko denbora egin zuten, eta 2.55, aurkariek. Bosgarren lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita moztu behar izan zituzten, eta 2.48 izan zen Nazabalen eta Zubiagaren denbora, aurkariei 12 segundo kenduta.

Bosgarren ekinaldian, 45 ontzako enbor bat zutik eta beste bat etzanda jarrita moztu behar izan zituzten, eta hori ere faboritoek irabazi zuten. Lana 2 minutu eta 45 segundoan bukatu zuten, eta Azurmendik eta Rekondok, berriz, 2 minutu eta 57 segundoan. Azkeneko lana iraupen proba izan zen, eta hor bikote bakoitzak bi 45 ontzako lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten. Nazabalek eta Zubiagak beraien lana 12 minutu eta 11 segundoan amaitu zuten, eta Azurmendik, eta Rekondok, berriz, 12 minutu eta 16 segundoan. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak, eta 21 minutu eta 17 segundo, berriz, Iñaki Azurmendik eta Jon Rekondok.

Zilarrezko mailan, berriz, sekulako ezustea eman zuten Daniel eta Iker Vicentek, txapelketa hau irabazteko faborito nagusiak ziren Larrañaga eta Mugertza III.a mendean hartuta. 11.10 izan zen vicentetarrek egindako denbora eta 11.27, Larrañagarena eta Mugertzarena. Bestean, 10.55 izan zen Larretxearen eta Irazabalen denbora eta 11.45, Erdoziarena eta Eneko Otañorena.

Zilarrezkoa

Zilarrezko mailan, Daniel eta Iker Vicentek, ezustea emanez, eta Oihan Larretxeak eta Aritz Irazabalek lortu zituzten atzo Urrestillan finalerdiak jokatzeko txartelak.

Azurmendik eta Jon Irazuk ez dute oraingoz apusturik jokatuko

Iñaki Azurmendik eta Jon Irazuk ez dute, oraingoz behintzat, apusturik jokatuko. Arriarangoak bota zuen desafioa. Bera 12 oinbikora jokatzeko prest zegoen, egurrak erdi bana eramanda, eta datozen hiru hilabeteetan jokatu nahi zuen.

Irazuk, ordea, ez du orain apusturik jokatu nahi. Orain dela gutxi neurtu zen Zubiagaren aurka, eta orain ez dauka beste apusturik jokatzeko inongo asmorik. «Orain ez nago apustu bat jokatzeko prest, ez buruz, ez eta fisikoki ere. Orain txapelketak prestatu nahi ditut», esan zuen.

Bere aurka apustu batean neurtuko liratekeen aizkolariei ere bidali zien mezua: «Orain ez dut apusturik jokatuko, ez Azurmendiren aurka, ez eta beste inoren aurka ere. Txapelketa guztiak amaitutakoan ikusiko dut, baina oraingoz behintzat ez», esan zuen. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo