GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Waltarik hanka eta erdi dauka Baionako finalean

Partida orekatu baten ostean, 11-0ko partzial batekin erabaki zuen neurketa.

WALTARI 40

OZAFRAIN 29

 

Jon LEUNDA

Waltarik hanka eta erdi dauka finalean, finalerdietako ligaskako bigarren norgehiagoka ere irabazi ostean, atzo Baigorrin. Neurketak ikusmin handia piztu zuen, iazko finala jokatu zuten bi pilotariak neurtu baitziren. Partida bera ere oso ona izan zen, inongo aitzakiarik gabeko horietakoa.

Partida beti berdinduta joan zen, ez baitzen alde handirik egon. Kubakoa saiatzen zen kintzea azkar finitzen, baina Nafarroa Beherekoa bikain defendatzen zen, eta norgehiagokako azken txanpara garaipena lortzeko aukerekin heldu zen.

29-29 berdinduta zeuden, eta une horretan edozeinek irabazi zezakeela zirudien, baina partida erabat aldatu zen. Waltarik horrela joanda irabazteko arazoak izan zitzazkeela ikusi zuen, eta erritmoa erabat aldatu zuen. Sakeari sekulako abiada ematen hasi zen, etra orduan Ozafrainek sekulako arazoak izan zituen errestoan. Lehen jokaldiarekin zuzeneko tanto asko ez zituen lortu amerikarrak, baina hirugarren jokaldian pilota sarean sartzen asmatzen zuen, eta aurkaria inongo aukerarik gabe uzten zuen. 11-0ko partziala lortu zuen, eta garaipena eskuratu zuen. Finala jokatzeko txartela ez dauka erabat ziurtatuta, baina azken jardunaldian gauza asko gertatu beharko lirateke bera azkeneko ekitalditik kanpo geratzeko. Hasteko azken partida galdu egin beharko luke, eta horrek zaila dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo