GARA > Idatzia > Kirolak> Alaves

«Helburua bideratuta dago, baina oraindik ez dugu lortu»

p033_f01_97x123.jpg

Jagoba Beobide

Alaveseko jokalaria

Denboraldia amaitzeko azken herena baino falta ez denean, Alavesek gero eta gertuago ikusten du bere helburua. Lehen postuan lehen jardunalditik eta bere abantaila astetik astera handituz, gasteiztarrak aspaldian itxaron duten arrakasta eraikitzen ari dira. Hala ere, Jagoba Beobidek, ibilbide honetan garrantzi handia izaten ari den jokalariak, helmugaratu aurretik ospatzea arriskutsua dela dio.

Amaia U. LASAGABASTER

Badauzka Jagoba Beobidek bere eguna -26 urte betetzen ditu gaur- poztasunez ospatzeko motiboak. Udan abentura berriari ekin, eta esperientzia ezin hobea izaten ari da. Ez bakarrik entrenatzailearen konfiantza osoa duelako, Bigarren B maila osoko talde onenean gauzatzen ari delako abentura hori.

Noizbehinka ernegatzen zaituzten arazo fisikoak kenduta, kexarik ez duzu izango.

Ez dauzkat, ez. Lesioekin jarraitutasuna edukitzea zaila den arren, entrenatzaileak konfiantza handia ematen dit. Hori daukat pena bakarra. Alde batetik, pozgarria da astean zehar arazoak eduki arren igandean taldea egotea, baina aldi berean, nik garrantzi handia ematen diot aste barruko lan horri; ez bakarrik egoera fisikoa ona izateko duen garrantziagatik, baizik eta zeure buruari ere konfiantza handiagoa ematen diolako.

Horrez gain, esperientzia ezin hobea izaten ari da. Pertsonalki eta, batez ere, taldearen ibilbideari dagokionez.

Jokatzea beti da erakargarria, are gehiago, egungo Alavesen. Liderrak lehen egunetik, abantaila astetik astera handituz, maila osoko talderik indartsuena...

Argi dago, oso urte polita izaten ari da guretzat. Zaleek ere lepo laguntzen digute eta guretzat oso garrantzitsua da 2.B mailan zelaian 7.000 pertsona ikustea eta oso erakargarria ere lepo laguntzen diguten pertsona horiek poztea.

Zenbakiei dagokienez, gure multzoan talde indartsuena garela demostratzen ari gara, baina gainontzekoekin konparatuz neurtzea ez da erraza. Izan ere, ez dakit oso komenigarria den horrelakoetan pentsatzen ibiltzea. Orain arte lortu duguna umiltasunez lan egiten, lan handia egiten eta gure ahalmen eta lanean konfiantza izanik lortu dugu, eta horrela jarraitu behar dugu, horrelako estatistika eta albisteetatik pixka bat urrunduz. Benetan axola behar zaiguna hasieratik markatu genuen helburua betetzen ari garela da eta aurrera jarraitzeko honaino ekarri gaituena egiten jarraitu behar dugula.

Helburu hori gero eta gertuago dago. Are gehiago, orain arte zuen aurkari indartsuena zirudiena gainditu ondoren. Eibarren aurkako garaipena erabatekoa izan zela esan daiteke?

Inola ere. Oso inportantea izan zen, irabaztea garrantzitsua delako beti eta, are gehiago, horrelako aurkari baten kontra, puntuak eskuratzen dituzulako, beraiek ez dituztelako lortzen eta konfiantza aldetik ere indartu egiten zaitulako. Garaipen horrekin beste urrats bat egin dugu, handia baina urrats bat besterik ez, baina ezin dugu pentsa horrekin eginda daukagula. Helburua bideratuta dago, baina oraindik ez dugu lortu eta sekulako akatsa izango litzateke helmugaratu aurretik ospatzea.

Aurkari oso arriskutsu bat kanporatu duzuela esan liteke, hala ere. Eibar hamar puntura dago Mendizorrotzan galdu ondoren.

Alde handia, egia da. Baina gehiegizko konfiantza oso arriskutsua izango litzateke kasu honetan ere. Azkenaldi honetan emaitzak ateratzeko lanak dituen arren, Eibarrek oso talde ona eta indartsua dauka eta ziur nago berriro ere gorantz egingo duela.

Oraindik zuen aurkaria da, beraz? Edo sailkapena nola dagoen ikusita Bilbao Athletic har daiteke bakarrik zuen aurkaritzat?

Aurkari zuzenena Bilbao Athletic dela argi dago, bai aldea txikia delako -5 puntu-, jardunaldi txar pare batean desagerrazteko modukoa, baita oso indartsu dagoelako; lau hilabete daramatza galdu barik! Baina nik ez nituzke Amorebieta eta Eibar ere ahaztuko. Talde onak dira eta asko falta da. Argi daukat, hala ere, ardura handiena aurkariena dela, beraiek baitira aldeak murriztu behar dituztenak. Geurean kontzentratu behar dugu guk; orain arte egindakoarekin jarraituz: partidaz partida pentsatuz, umiltasunez eta zintzotasunez lan eginez eta konfiantza edukiz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo