Belen Arrondo, Juanjo Agirrezabala eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak
Hezkuntza Saila, nora ezean
Eragindako kaltea zuzentzeko garaiz gaude, eta horretan tematuko da EH Bildu, euskarak behar dituen akordioak erdiesteko, euskararen erabilpenaren normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko
Kezkagarria benetan legegintzaldi hasiera honetan EAJren Eusko Jaurlaritzak bere Hezkuntza sailburuaren eskutik harturiko ekimena, eta behin eta berriro euskal jendarteari helarazitako argazkia, Wert-en eta Munilla gotzainaren eskutik.
Hauteskundeen aurretik Hezkuntzan ez zuela murrizketarik egingo behin eta berriz agindu eta Ajuria Eneara iritsi bezain laster, emaniko hitzaz ahaztu eta murrizketak arlo guztietara helduko direla aitortu, bai eta Hezkuntzara ere. Horixe da EAJk egin duena, Patxi Lopezen Gobernuak ireki zuen murrizketen bideari jarraitu eta, hori zuzendu beharrean, horretan sakondu. Murrizketak murrizketen gainetik, beraz, sektore publikoan milaka lanpostu galtzea ekarriko dutenak, gainera. Eta, zalantzarik ez, murrizketa horiek guztiek ondorio larriak izango dituzte eskola sistemaren kalitatean.
Jaurlaritzak sinetsarazi nahi digu bajak ez ordezkatzeak, behin-behineko lanpostuak desagerrarazteak, bitartekoak murrizteak, profesionalen lan zama handitzeak... horrek guztiak ez duela eraginik izango euskal hezkuntza sistemaren kalitatean. Nola sinistu horrelakorik? Nola sinistu ezinezkoa dena?
Neoliberalismoaren irizpide merkantilistak eredutzat hartu eta Rajoyren murrizketak aitzakia gisa erabili nahi ditu EAJk hezkuntza sistema publikoan eta, oro har, gizarte eskubideetan atzera egiteko. Madrilen zurigarri perfektua aurkitu nahi du, baina horrelako atzerapauso larriak zuritzerik ez dagoela jakin beharko luke jada. Eta are gutxiago ezkutuko helburua hezkuntza sistema publikoa argaltzea denean, zerbitzuen kontzertazioa eta pribatizazioa indartzea, herritar guztien aukera berdintasunean, gizarte kohesioan eta euskalduntze prozesuan aurrera egitea ahalbidetu duen sistema publikoa maldan behera jartzea. EH Bildu ez da horren konplizea izango, bide horrek oztopoak baino ez dizkiolako jartzen etorkizuneko euskal hezkuntza sistema propioa, publikoa, euskalduna eta kalitatezkoa eraikitzeari.
Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura biltzen dituen sailak agertu dituen lehentasunek norabide atzerakoian eta baztertzailean jarri dituzte euskal hezkuntza sistema eta euskara bera. Hortik dator EH Bilduren kezka, Cristina Uriarte sailburuak euskal herritarrei zein sektoreko eragileei bizkar eman dielako eta euskal hezkuntza sistema behar-beharrezkoa den eredu propiotik oso urrun kokatu duelako.
Eskola eredu propioaren aldekoa ez da aldarrikapen hutsala. Horren beharraz baten batek zalantzak baldin bazituen, Wert ministroak guztiak uxatu ditu. Espainiar Gobernuak helburu zentralizatzaile eta pribatizatzaileekin abiarazi duen erreformak Autonomia Erkidegoan egun dagoen hezkuntza eredua, bere gabezia eta ahulezia guztiekin, desagertzera kondenatzen du. PPk bestelako eredu baterantz garamatza, hezkuntza eskubidea bitarteko ekonomikoak dituztenei soilik bermatzera, bigarren mailako herritarrak sortzera, aukera berdintasunaren sustapena ezerezean uztera.
PPren eta espainiar Gobernuaren erasoaren tamaina ikusita, ulertezina da Jaurlaritzaren jokabidea, eta zehatzago, Uriarte sailburuarena. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere sektoreko eragileek Werten egitasmoari aurre egiteko eta erantzun bateratu, irmo eta adostua emateko prestutasun osoa agertu dute, baina EAJk eta Jaurlaritzak elkarlanaren bidea baztertu eta Wert ministroarengana korrika joatea nahiago izan dute, hobetzerik ez duen lege-proiektua hobetzeko asmotan. Horrelako eraso baten aurrean lehentasun bakarra burujabetza aldarrikatzeko adostasun zabala erdiesteak izan beharko lukeen arren, EAJ eta Jaurlaritza Madrilen herri gisa erantzuteko aukerari muzin egin eta berriro frankismoaren garaietara bultzatu nahi gaituztenen magaletan erori dira.
Eta hori ere gutxi balitz bezala, Jaurlaritzak hezkuntza erreformaren inguruko eztabaida termino ekonomiko soiletan kokatu du. Gezurra dirudien arren, agian EAJ oraindik ez da PPren erasoak duen garrantziaz jabetu. Arazoa sakona bezain larria da, Werten erreforma zeharo ideologikoa baita, goitik behera, herri oso baten eskubideen aurkakoa. Euskal herritarron hezkuntza eskumenak urratzeaz gain, hizkuntza eskubideak, hezkuntzaren unibertsaltasuna eta doakotasuna, bere kalitatea, eskola mapa, curriculuma bera erasotzera dator espainiar Gobernua. Herri oso baten aurkako ofentsiba honen aurrean, ongizate estatuaren zutabe nagusietariko bat kolokan uzten duena, ulertezina da Eusko Jaurlaritzaren epelkeria. Hitz potoloen gainetik ekintzei erreparatu behar zaie, eta ekintzetan ez dago ezer. Epelkeria. Besterik ez.
PP erasoan ari da etengabean Espainian zein Euskal Herrian, baina, hala eta guztiz ere, EAJn epelkeria ez ezik, elkarlana ere aurkitu du. Haur eskoletan ere bai, murgiltze eredua bertan behera uzteko eta gaztelaniaren presentzia bermatzeko! Euskara hizkuntza gutxitua izanda, ikerketa guztiak egun eskolan indarrean dagoen hizkuntza eredua agorturik dagoela eta gainditu beharra dagoela agerian uzten ari direnean, sektoreko eragileak euskara indartzearen aldeko apustu argia egiten ari direnean, jeltzaleak nora ezean dabiltza, iparrorratza galduta. Bidaideak aukeratu dituzte: nortzuk eta PP eta UPyD, haien eskutik euskalduntze prozesuan hain funtzio garrantzitsua betetzen duten haur eskoletan atzera egiteko, hain justu, gehiengo sozialaren iritziaren aurkako norabidean. Ez da hori ez, inondik inora, euskarak behar duena, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko eta jendarte benetan elebiduna eraikitzeko bidea. Bere burua zuritu nahian besteen ustezko manipulazioak salatuz maisu da EAJ; hobe luke, ordea, bere buruari eta, bide batez, haur eskoletan eta euskalgintzan ari direnei so egitea. Egingo balu, bizkar eman diela ikusiko luke.
Eragindako kaltea zuzentzeko garaiz gaude, eta horretan tematuko da EH Bildu, euskarak behar dituen akordioak erdiesteko, euskararen erabilpenaren normalizazioan eraginkortasunez aurrera egiteko. Espero dugu EAJk eta Jaurlaritzak legealdi hasiera honetan hartutako norabide okerra aldatzeko borondatea izatea eta, gorabeherak gorabehera, ezinbestean egin beharko duen norabide aldaketa horretan bidaide berriak bilatzeko prest egotea, Wert eta Munillaren konpainia atzean utzi eta euskararen alde ari diren sektoreekin bat egiteko.