Lapurdi utzita, Bilboko Itsasadarra itsas museoan dago ikusgai «Itsasturiak» erakusketa
EKE Euskal Kultur Erakundeak ekoiztuta, «Itsasturiak» multimedia erakusketak itsas munduaren lekukotasun berri bat eskaintzen du, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko arrantzaleen zein marinelen eskutik.
Alvaro HILARIO | BILBO
Atzotik ekainaren 30era arte, ikusgai dago Bilboko Itsasadarra itsas museoan Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) ekoiztutako «Itsasturiak. La gente del mar» multimedia erakusketa.
Bertan, XX. mendean arrantzak izandako bilakaeraren berri izango dute bisitariek, baita arrantzak egun dituen erronkak eta egoera ezagutzeko aukera ere. Antolatzaileen esanetan, «arrantzaren historia eratu duten gizon-emazteak balioztatzea eta gorazarrea eskaintzea du helburu erakusketak».
2011n estreinatu zen Donibane Lohizunen eta, horren ondotik, Biarritzen, Baionan eta Irisarrin egon eta gero, Bilbora iritsi da.
Lekukotasunak
2007an, EKEk ahozko ondarearen bilketa abiatu zuen Eleketa izeneko egitasmoarekin. Bere xedea ahozko memoriaren bilketa zabala burutzea zen: bizipenen eta jakitateen kontaketak, kantuak eta elezaharrak batu, berauek artxibatu eta ondoren, hedatu. Lekukotasunak euskaraz bilduak dira.
Nafarroako erakundeek proposaturik (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskokultur fundazio pribatua) eta Nafarroa Behereko PCDren, Kontseilu Orokorraren, Akitania Eskualdeko Kontseiluaren diru laguntzarekin, ahozko memoriaren bilketa 2007an abiatu zen Nafarroa Beherean, Ipar Euskal Herriko osora hedatzeko asmoz. Urte bi beranduago, Kontseilu Orokorrak lanaren jabetasuna hartu zuen, EKE lanaren ekoizle bilakatuz.
2010ean itsasturien bizitza eta Donibane Lohizune-Ziburuko portuaren bilakaera jorratu zuen EKEk. 26 lagunen testigantzak grabatu zituzten, besteak beste, arrantzale, arrantzaleen emazte, arrain-erosle, ontzigile, saregile eta kontserbategietako langileenak.
Lekukotasun horiek hainbat ukimen tresna elkarreragileren bidez kontsulta daitezke erakusketan: 72 film zati eta sei orduko grabaketak. Jatorrizko hizkuntzan (euskaraz) eginak dira, eta gaztelaniaz eta frantsesez ere transkribatuak daude multimedia aplikazio batzuen laguntzaz.
Erakusketak sei gune dauzka: arrantzalearen lanbidea, arrantza teknikak, itsasontzi mota ezberdinak, portuko lanbideak, Dakarreko arrantza eta Donibane Lohizuneko portuaren antolaketa.
Hitzaldiak osagarri
Erakusketarekin batera, hiru dira Bilboko itsas museoan eskainiko diren hitzaldi osagarriak, gaian sakontzeko parada emango dutenak.
Hilaren 28an, 19.00etan, Mikel Epaltza Ipar Euskal Herriko arrantzaz mintzatuko da. Azken 30 urteotan sektoreak izandako aldaketak eta horien zergatiak aztertuko ditu.
Martxoaren 14an, berriz, Jean-François Larralde arituko da, «Itsasoaren irudia Ipar Euskal Herriko artean» gai harturik. Aurreko hitzaldia ez bezala, gazteleraz izango da, arratsaldeko zazpietan.
Apirilaren 4an, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoinek emango du hirugarren eta azken hitzaldia, «Ipar Euskal Herrian, zertan dira euskara eta euskal kultura?» izenburupean. Aurrekoak bezalaxe, 19.00etan hasiko da. Museoaren hamargarren urteurrena dela eta, urte osoan, astearteetan, museorako sarrera doakoa izango da.
Non: Bilboko itsas museoa.
Noiz: Otsailaren 18tik ekainaren 30era bitartean.
Antolatzailea: Euskal Kultur Erakundea.
Sarrera: 6 euro. Erretiratu, ikasle, pentsiodun eta 65 urtetik gorakoentzat 3,5 euro. Asteartero, dohainik.