Ahoz Aho
Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Tabernaz taberna gabiltza Ordizian, ipuin poteoan, Errioxako La Compañia del Saco taldeko lagunekin. Eta kantari. Euskaldunak eta errioxarrak. Gurekin, bertso eskolako bi bertsolari. Ipuinak eta bertsoak trago eta pintxoekin tartekatzen dira. Arratsalde-pasa ederra. Halako batean, bertsolariak berea bota ondoren Carlos Perez Aradrosek, errioxar taldekoak, gazteleraz erantzuten dio rabeladekin. Guztiok harrituak; izan ere, euskaraz ulertu gabe, zeri erantzun dion ez baitaki. Bertsolariak, gazteleraz badakiena, atzera erantzun. Eta horrela hitzaren jolas ederra pizten da tabernan.
Ordizian eta Tolosan antolatzen den Ahoz Aho nazioarteko ipuin kontaketa jaialdian gertatutako pasadizoak, jaialdiaren bizitasunaren erakusgarri. Otsailaren amaieran eta bi astez Gipuzkoako herri hauetan Intujai Teatroak antolatzen duen jaialdi honi esker, Euskal Herriko zein beste herrialdeetako kontalariak ikusteko aukera dugu. Kalabaza ikurtzat hartuta ahozko narrazioa espazio ezberdinetara eramateko asmoz sortutako jaialdia egungo kontalaritzaren erakusleiho garrantzitsua bihurtzen ari da, alde batetik parte hartzen duten kontalariengatik, eta bestetik, bakanetakoa delako gure lurretan. Baina horri gehitu behar zaio Ordiziako eskoletan jaialdiaren aitzakiaz ahozko narrazioaren gainean egiten den lanketa. Beste sormen jardunekin egiten den moduan kontalaritza ere txikitatik lantzea, gerora ikusle jantziagoak eta, agian, kontalari berriak sortzeko bidea jarriko da, ezinbesteko bide berrien jorratzea ekar lezakeena.
Ahoz aho dabiltza ipuinak, kalabazan sartu eta irten Oria ibaiaren bazterretan.