Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak, ahoan bilorik gabe
Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria, Kazeta.info eta Ipar Euskal Herriko Hitza hedabideek «Ahoan bilorik gabe» sortu dute. Lehen emanaldiko gonbidatua Peio Olhagaray Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkaria da. Hilaren 22an zabalduko dute saioa.
GARA | BAIONA
Egoera ekonomikoak hala aginduta, euskarazko hedabideek duela zenbait urte abiatu elkarlana azkartu dute. Erakundeekin komunikazio hari iraunkorra izateko eta sektoreak duen garrantzia azpimarratzeko, Hekimen elkartea osatu berri dute.
Horren karietara, Ximun Carrerek, Aldudarra Bideo elkarteko gerenteak, erakundeekin harremana bideratzeko beharra aipatu du Euskal Irratietako «Goiz Berri» saioan.
«Hemengo erakundeek ez dute ulertzen gure hedabideetan publizitatea jartzea ez dela laguntza bat ematea; gaizki-ulertze hori ez dugu oraindik gainditu», azaldu du.
Euskararen Erakunde Publikoaren bidez (EEP) urtero banatzen diren diru-laguntzek ez dute sektorearen garapena bermatzen. Izan ere, euskara ofiziala ez den lurraldean euskarazko hedabideek betetzen duten lana ez da nolanahikoa. Erakundeen zein eragile pribatuen aitzinean, euskal hedabideek duten benetako indarra agerian uzteko xede «tresna komunak» eraikitzeari ekin diote Kanaldude telebistak, Euskal Irratiek, Kazeta.info Interneteko atariak, «Herria» astekariak eta Ipar Euskal Herriko Hitza hedabideak.
Denak batera agertzea
Ekoizpena eta banaketa momentu berean eginen dute bost hedabidek. «Helburua hori baita, denok batera agertzea, aho beretik hitzordua emanez entzule, ikusle, irakurle euskaldunei», adierazi dute.
Heldu den ostiralean, beraz, elkarrizketaren soinua Euskal Irratietan entzunen da eta Kanaldudek sarean emanen du atal bakoitzari dagokion bideoa. «Herria»k eta Ipar Euskal Herriko Hitzak paperean islatuko dute elkarrizketa eta Kazeta.infok solasaldiaren laburpena emanen du gainerako hedabide horietan eginiko ekoizpenari aipu eginez. Ahoan bilorik gabe mintzatuko dira euskal hedabideak, Iparraldeko gizarteari proposatzen dioten eleketa sakonaren aperitifa gisa.
Elkartea sortzeko asmoa dute Ipar Euskal Herriko hedabideek. Konkretutik abiatuko dira. Hilean behin emankizun bat batera ekoiztuko dute