Aldaketan aurrera egiteko garaipen sendoa
Rafael Correak Ekuadorren lortutako garaipen nabarmenak bigarren itzulia saihesteko baino askoz balio handiagoa izango du. Izan ere, 2009an lortu zuena baino gehiengo oso are zabalagoa eskuratuta, 2006an «Herritarren iraultzak» hasitako bidean aurrera jarraitu ahal izango du, orain arte baino oztopo gutxiago aurrean. Bide horri jarraitzea da Correaren konpromisoa eta horixe izan da herritarren agindua, berriro hautatu duten presidentearen eskutik abiatutako aldaketa sumatu duten seinale.
Buruzagi ekuadortarrak aurrean duen egitekoa ez da erraza, baina orain arte ere ez da samurra izan. Zalantzarik gabe, akatsak ere izan ditu, eta badira arreta horietara bakarrik bideratu nahi dutenak, baina herrialdearen subiranotasuna eta gizarte justizia berreskuratzeko bidean izandako lorpenak ere zalantzarik gabekoak dira, besteak beste politika ekonomiko propioa -eta ez kanpoko botere-guneek ezarria- baliatuta. Correaren garaipenak, seguru asko, Parlamentuan gehiengo osoa emango dio Alianza Pais mugimenduari; hartara, herri zilegitasun berritu eta handituaz gain, aldaketan aurrera egiteko aukera ere emango dio, orain artean Parlamentuan geldiarazten zituzten proiektuak aurrera ateraz. Esan bezala, ez da bide erraza izango, baina ekuadortarren begietan, egokia da.