GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskadi Ta Askatasunaren adierazpena

 

Epaitegi honen aurrean gaudenok ETAren kideak gara eta gure militantzia apal baina harro aldarrikatzen dugu. Gaur, gure erakundeak eman digun ardura betez, ETAren izenean mintzatuko gara:

Epaitegi honetara ekarri gaituzue, bahitu politiko gisa. Gu epaitu eta zigortzera ekarri gaituzue, aurretik beste euskal herritar asko epaitu eta zigortu dituzuen bezala.

Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzen dugu. Gure hautuaren eta gure ekintzen erantzukizuna gure gain hartzen dugu. Baina ez diogu Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituen eta errepresio bideei eusten dien Frantziako Estatua ordezkatzen duen epaimahai honi gu epaitzeko zilegitasunik aitortzen.

Alta, ez gara gerra aldarrikatzera edo konfrontazioa elikatzera etorri. Bozgorailu esanguratsu honetatik Frantziako Estatu aparatuen bihotzera konponbidearen aldeko mezua ekarri nahi dugu.

Iragan abenduan, Bakearen Nobel saria jaso zutenean, Manuel Durao Barroso eta Herman Van Rompuy Europar Batasuneko agintariek negoziazioaren balorea goraipatu zuten, gatazkak konpontzeko arrazoizko bide gisa. Jean Monnet-en hitzak ekarri zituzten gogora ere: «Hobe da mahai baten inguruan borrokatzea gudu-zelaian baino» («Mieux vaut se disputer autour d'une table que sur un champ de bataille»).

Bertan ziren Espainia eta Frantziako agintariak, hitzon esanahia ontzat ematen omen, orain arte Euskal Herriko gatazka konponbidean jartzeko negoziazioari uko egin dioten arren.

Urte luzez gudu-zelaian borrokatu dugu. Denbora gehiegi, sufrimendu gehiegi. Eman diezaiogun, bada, elkarrizketari aukera. Eraman dezagun gatazka negoziazio mahaira. Van Rompuy-k Oslon esan zuen bezala: amai dezagun biolentziaren zikloa, bazter dezagun mendeku politikaren logika.

ETAk ahalegin horretan dihardu eta aukera hau ahalbidetzeko erabaki historikoak hartu ditu, konponbide prozesua itzulezin bilakatzeko. ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuen 2011ko urrian. Gure konpromisoa benetakoa da, ez dago amarrurik. Eta, garrantzitsua dena, bat egiten du euskal herritarren nahiarekin.

Iazko azaroan ETAk gatazkaren ondorioak gainditzeko proposamen zehatza aurkeztu zuen. Proposamen sendo eta eraikitzailea izan zen, ETAren konpromisoaren adierazle. Konfrontazio armatuari bukaera egonkor eta ordenatua emateko prozesua marraztu nahi izan genuen.

Bertan, Frantzia eta Espainiako gobernuei bake elkarrizketetarako agendaren gaiak proposatzen zizkien.

Honokoak ziren:

- Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak.

- ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak.

- Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz.

Halaber, ETAk konfrontazioak eragin dituen biktima eta kaltetuez hitz egiteko prestutasuna agertzen zuen.

Gaur eta hemen, Frantziako Gobernuari konponbidean murgiltzeko deia berretsi nahi diogu. Eraman ditzala bere proposamenak negoziazio mahaira. Bertan bere posizioak euskal herritarron jazarpenean erakusten duen mailako kemenarekin defenda ditzala, horrela nahi badu. Baina ez diezaiola bakearen aukerari atea itxi.

Prozesuak zailtasunak izan ditzakeela jabeturik ere, ETAk uste du aurrera egiteko aukerak daudela elkarrizketa bideak zabalduz gero. Eta hitz ematen dugu, etsaiari aurre egiteko erakutsi dugun ausardia eta erabakitasunarekin jardungo dugula negoziazioak elikatu eta konponbide prozesua bururaino eramateko.

Jakin badakigu, bestalde, gatazkaren ondorioak gainditzea konponbidearen atal bat baino ez dela, beharrezkoak diren beste urrats eta elkarrizketa eremuekin osagarria izango dena.

Konponbidea egonkorra izango bada, gatazkaren ondorioak ez ezik, gatazka politikoaren arrazoiak gainditu behar direlako. Horien gainean eztabaidatu, adostasunak bilatu eta akordioak erdiestea Euskal Herriko eragile eta herritarrei dagokie, prozesu demokratiko baten bidez.

Konfrontazioak eragin duen zauri asko ixteke daude ere. Zauri sakon eta mingarriak. Eta denon erantzukizuna da sendatzeko ahalegina egitea.

Hemen aipatuko diren gertakarietan Orioko familia batek bere burua inplikatua ikusi zuen, beraiek hala erabaki gabe. Lehen esan dugun bezala, ez diogu epaimahai honi gu epaitzeko zilegitasunik aitortzen. Baina ETAk ez du gertakari horietan duen ardura saihesten. Bi estatu zanpatzaileen kontra borrokatzen dugu eta, zenbaitetan, estatu hauei gure bitarteko herrikoiekin aurre egiteko, gustukoenak ez genituzkeen erabakiak hartu behar izan ditugu.

Eragin ahal izan zaien kaltea sentitzen duela esan nahi die ETAk Orioko herritar hauei. Hitzok zabal daitezke, hauek bezala, gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei.

Erein dezagun bake justu eta egonkorra loratzeko hazia. Hori da ETAren konpromisoa.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!