GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren adinak

Adinaren gaia, nahiz eta ez den batere subjektiboa, adinaren erabilera bai, ordea. Haur garenean nerabezaroa desiratzen da. Nerabeak, berriz, gazte izan nahi du eta gazteak heldu. Helduak 40 eta 50eko krisiak gainditzeko gaztaroa du amets, hango zalaparta. Baina inork ez du zahar izan nahi eta horra iristean, asko, haur bilakatu ohi dira. Zahar etxeak haurtzaindegi mozorroturik. Adinak inportatu du, bere ondorioak ditu beti.

Punkaren oinarriek diote kontua ez dela adina baizik eta jarrera. Eta egia da, jarrera ez da adinaren kontua, nortasunaren jarrera da jokoan dagoena bizitza osoan zehar. Izatea unez une eta ez izan nintzen garai batean hau eta bestearekin albokoak aspertzea. Musikak ez du adinik, jendearen gustuak egingo ditu ezagun edo ez, abestiak egingo ditu ospetsuagoak eta beste asko pasatuko dira inoiz esistituko ez balira bezala. Garai batean modan egongo dira eta gero gure barrenean ahaztuko ditugu.

Baina musikariak bai zahartzen direla. Rockaren esaldi panpoxak dio rockero zaharrak ez direla inoiz hilko, baina rockaren hasierako musikari haiek gero eta zaharragoak dira eta heriotzak bizitzatik eraman ditu. Euren musika lekuko miresgarri. Rockaren egileen adin zaharra dela medio hurrengo urteetan bakandu itzela ekarriko du.

Belaunaldi oso bat 60ko hamarkadan gazte zirenak egun zahar dira eta musikari asko bukaeraren atarian daude. Ez da egia legenda kaletarrak dioena, rockero garrantzitsuenak 27rekin hiltzen direla (Jim Morrison, Kobain...), zazpi izan dira-eta. Eskorbutoko Josu 32rekin eta Juamma 30ekin.