Nazioarteko konferentzia eta mundu osoko 40 alderdi, Sorturen I. Kongresuan
Dena prest du Sortuk larunbatean alderdia abiaraziko duen I. Kongresurako. Nazioarteko parte-hartze handia izango da bertan, ostiralean egingo den gatazken konponbideari buruzko mintegitik hasita.
GARA | DONOSTIA
Hegoafrikako ACNko, Irlandako Sinn Fein-eko, Saharako Fronte Polisarioko eta Greziako Syriza alderdiko ordezkariak eta Venezuelako Gobernuak Bilbon duen ordezkaria egongo dira, beste askorekin batera, Iruñean larunbatean, Sorturen I. Kongresua dela-eta. Orotara, mundu osoko 40 alderdi inguru bertaratuko dira. Euskal Herriko indar politiko ezberdinak ere gonbidatu dituzte Baluarten egingo den ekitaldira.
Baina nazioarteko ikuspuntuari eman nahi zaion garrantzia bezperan geratuko da agerian, Baluarten konferentzia antolatu baitu Sortuk. ``Egungo gatazken konponbidea'' izango du leloa, eta Sahara, Palestina, Kolonbia zein Kurdistango borroketako ordezkariak bilduko ditu mahai baten inguruan. 18.00etan hasiko da jarduna, eta Josu Juaristi GARAko kazetariak gidatuko du eztabaida.
Iñaki Zabaleta, ezker abertzalearen alderdi berriaren bultzatzaileetako bat, eta Joseba Alvarez kazetarien aurrean agertu ziren atzo, Donostian, horren berri emateko. Zabaletak zehaztu zuenez, ostiraleko konferentziaren asmoa «herrialde ezberdinetako gatazken konponbide prozesuez aritzea da, baina ez ohikoa den eskeman. Ez ditugu ohi den bezala herrialde ezberdinetako gatazkak gainditzeko baliagarriak izan diren prozesuak aztertuko, Irlanda edo Hegoafrika kasu, oraindik abian diren prozesuak baizik».
Lau gatazka gori-gorian
Egunerokotasun handikoak diren adibideak azalduko dira Baluarten. Batetik, Kolonbiakoa, jakina baita Habanan negoziazioetan jarraitzen dutela FARCeko eta Gobernuko ordezkariek. Bahituen askatze prozesuetan bitartekari lana egin duen Piedad Cordoba ekarriko du Sortuk.
Kurdistan ere guztion ahotan da, batetik konponbide prozesuaren aukera bertan delako eta bestetik Parisen hildako hiru ekintzaile kurduen heriotzak samina eragin duelako. Kurdistan National Congress-eko ordezkari den Nilüfer Koc Iruñean izango da. Saharari dagokionez, 2010eko Al Aaiun ondoko kanpamendua dela-eta abiatutako zigor prozesuak epaia izan zuen igandean, eta gogor kolpatu du bertako erresistentzia. Badabi Benabar Fronte Polisarioko ordezkariak emango du horren berri. Eta haiekin batera, Palestina. Gazak pairatu duen azkeneko erasoa oraindik denon buruan dagoelarik, horretaz eta indar palestinarren arteko elkarrizketez jardungo du Karioti Yaberk, Palestinaren Askapenerako Erakundeko kideak.