boulderra Lehia
Boulder Liga 2013, herrikoiak jo eta su
Bi proba jokatu dituzte dagoeneko: Gasteizko Estadion eta Amurrion. Euskal Herriko txoko ugaritatik iritsitako dozenaka eskalatzaile hartzen ari dira parte. Sortzen den giro aparta nabarmendu behar da.Andoni ARABAOLAZA
Euskal Mendizale Federazioak eta Gasteizko rokodromoek antolatutako Boulder Ligaren beste edizio baten aurrean gaude. Beste urte batzuetan ez bezala, aurtengoak hiru proba ditu, eta dagoeneko bi jokatu dira: Gasteizko Estadion eta Amurrion.
Ohi den legez, Boulder Ligak bere izaera indarrean du; hots, lehia hauen zutabea erabat herrikoia da. Eta agian horregatik, arrakasta izaten ari da. Edizio honetan ere makina bat eskalatzaileren babesa jaso du. Dozenaka lehiakide ari dira parte hartzen, eta gainera, nabarmentzekoa da Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi direla parte hartzaileak. Asko eta asko teknifikazio zentro ezberdinetako zein eskalada taldeetako ordezkariak dira.
Orain arte jokatu diren lehiei dagokienez, antolatzaileek baieztatu digute pozik direla: «Oro har, arrakastatsuak ari dira izaten. Eskalatzaile askok bat egin dute bi hitzordu horiekin. Eta txalotzekoa da lehia hauetan sortzen ari den giroa».
Maila ederra
Lehen proba Gasteizko Estadioko egituretan izan zen. Guztira, 62 lehiakidek hartu zuten parte antolatutako hiru maila ezberdinetan. Herrikoetan, Irune Garciak eta Martxel Gerekak irabazi zuten. Bigarren postuak Goizane Saez de Olazagoitia eta Gontzal Agirrerentzat izan ziren. Hirugarren postuak: Maitane Ariznabarreta eta Iñigo Agirre.
Elitean onenak Zuriñe Arrue eta Mikel Inoriza izan ziren. Bigarren postuan Sare Gurrutxaga eta Eneko Infante sailkatu ziren, eta hirugarrenean, Alba Lumbreras eta Alex Rodriguez. 16 urtez azpikoetan, nesketan, honako podiuma izan zen: Marta Garcia, Aitziber Urrutia eta Maialen Rojo. Mutiletan, Bittor Esparta eta Tasio Martinek lehen postuan berdindu zuten. Andoni Esparta hirugarrena izan zen.
Bigarren hitzordua, berriz, Amurrion izan da. Parte-hartzaileei dagokienez, pixka bat gutxiago hurbildu ziren; guztira, 43 eskalatzaile.
Herrikoietan, nesketan, Saez de Olazagoitia Garciaren aurretik sailkatu zen. Eta hirugarrena Ariznabarreta izan zen. Mutiletan, Gerekak berriro irabazi zuen, Agirre bigarrena izan zen eta Oier Coria hirugarrena. Elitean, bestalde, Arruek bigarren garaipena erdietsi zuen, eta Garciak Gurrutxaga aurreratu zuen. Inorizak ere berriro irabazi zuen, Rodriguez bigarrena izan zen eta Mikel Madinabeitia hirugarrena.
Eta, azkenik, 16 urtez azpikoetan, nesketan, Camarak eta Rodriguezek lehen eta bigarren postuak sinatu zituzten berriro, eta hirugarrena Irati Astobitza izan zen. Mutiletan: Tasio Martin lehena, Bittor Esparta bigarrena eta Martin Urrutia hirugarrena.
Azken proba larunbatean jokatuko da Hegoalden.