GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia Proposamena

Dagoen elurra ikusita, euskal klasiko bat Adi mendiaren eskutik

Mendiko eskiko espezialista Edu Aranburuk etxean egiteko oso aproposa zein erakargarria den proposamena egin digu. Aranburuk dioenez, klasiko baten aurrean gaude, baina ez hain masifikatua.

p041_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mendiko eskiatzaileek ez dute pipertuta egoteko modurik. Betiere, botatzen ari den elurra eta pilatu den geruzari begiratzen badiegu. Asteburu honetan izan dugun eguraldia horren isla besterik ez da. Elurra, bai, asko, baina agian kexa bakarra baldintzen mamua dugu. Marka historikoak ditu aurtengo neguak, ez soilik Pirinioetako mendi garaienetan, baita etxeko mendietan ere. Elurra eta baldintzak; baldintzak eta elurra. Dikotomia horri ondo baino hobeto begiratu dio Edu Aranburuk. Mendiko eskiko espezialista hau beste behin gure orriotara hurbildu zaigu proposamen erakargarri bat egitera. Eta dikotomia horren arabera, hurrengo irteera egin digu: Adi mendia.

«Azken asteotan gertatu den moduan, neguak gogor jotzen duenean, Pirinioetako mendiak arriskutsu egoten dira. Gure mendiak ere zurituta egoten direnez, aukera ederra izaten da, urrutira begiratu gabe, etxeko mendietan irteerak egiteko. Hari horri lotuta, mendiko eskian Adi oso mendi aproposa dugu. Mendiko eskiatzaile askorentzat, Euskal Herriko mendien artean, Adi klasiko bat da. Baina, era berean aitor dezaket, ez dela Saioa edo Gorbeia bezain masifikatua egoten. Ziur aski horren arrazoia da ingurune isolatuago batean dagoela», dio Aranburuk.

Irteera lasaia

Irteeraren abiapuntua Eugi eta Urepele lotzen dituen Urkiaga mendatea (890) dugu. Lehen zatia basotik igarotzen da, baina nahikoa garbia denez, eskiekin igotzeko oso egokia. Behin basoa utzita, Adiren maldei ekin behar zaie: «Adipeko lepoan (1.197 m) basotik aterako gara, eta aurrez aurre geratzen den Adi mendiaren ipar-mendebaldeko magal pikoan sartuko gara. Haren bizkarra hartu eta, inolako arazorik gabe, mendiaren gailurra (1.485 m) egingo dugu. Oso ikuspegi ederrak ditu, besteak beste, hegoaldean Zilbetiko haran dotorea eta zoritxarrez harrobi bat egiteko txikitu nahi dituzten basoak», aipatu du eskiatzaileak.

Behin gailurrean, foka-larruak kendu eta Aratungo lepora (1.190 m) heltzeko ekialdeko maldatik jaitsiera ederra dago. Norabide bera jarraitu behar da gainez gain Iturrunburuko tontorrera (1.338 m) iristeko.

Aranburuk esan digunez, lepo horretatik Urkiagako mendatera heltzeko hiru aukera daude: «Lehena, atzera itzuli, GR-11ren seinaleak jarraitu, Adiko piramidea iparretik saihestu, Adiko lepora iritsi eta hortik abiapuntura jo. Bigarrena, atzera itzuli eta jaitsi garen ekialdeko maldatik Adiko gailurrera jo. Gailurretik ipar-mendebaldeko aldapatik jaitsi Urkiagara itzultzeko. Ia 1.000 metroko desnibela metatuko dugu, tartean malda politak jaitsiz. Eta hirugarrena, Iturrunburutik hego-ekialderantz Sorogaineko haran ederra jaitsi daiteke. Zeharkaldi polita da, baina bi ibilgailu behar dira». Kartografia: Sua edizioak, «Cuadernos pirenaicos (1:35:000) Orreaga».

adi

Nafarroako mendia eskiekin egiteko klasiko bat da, baina, beste batzuekin alderatuta, ez da hain masifikatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo