GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñigo Leza, Eider Fernandez de Pinedo, Mikel Otero Fracking Ez Araba

Herritarron parte hartzea eta fracking-a

Alderdi batzuek pirueta semantiko galantak egin behar izan dituzte, beren hautesleria lasai mantentzeko, enpresa energetikoekin eta beraien lobbyekin bilerak izaten zituzten bitartean

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2013ko otsailaren 6ko datarekin, eta EAJ, PSE eta PPren bozekin, Fracking Ez Araba herri mugimendutik sortu zen batzorde sustatzaileak aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilea (EHL) ezeztatzea erabaki zuen.

Erabaki hau, garrantzirik gabeko egintza administratibo xumetzat hartu izan zen arren, benetan gaindikotasun handikoa dela esan beharra dago. Errefusatzeko argudioa zera izan da, Arabako Biltzar Nagusietatik zetorren xede berdinari buruzko proposamen bat jada bideratzen hasia zela. Arabako Biltzar Nagusietako proposamenaren bideratzea, PSEk eta PPk aurka bozkatu arren, onartua izan zen, eta fracking-a aipatzen du, hori egia da. Baina honen eremua babesguneetara soilik mugatzen da; eta HELk, aldiz, debekua EAE osorako izan dadila dio. Gainera, HELk lehengai ez konbentzional guztien erregulazioa nahi du eta Biltzar Nagusietako proposamenean hori ez da aipatu ere egiten. Bestalde, kontsultatu ditugun hainbat erakunderen arabera, HELri oztoporik jartzea zalantzan egonez gero, irtenbidea beti herritarren parte-hartze zuzenerantz bideratu beharko litzateke. Higiene demokratikoak eskatzen du-eta.

Ohartarazi beharra dago ebazpena txosten juridikorik gabe eman dela, erabakia soilik politikoa izan dela argi dago, Biltzar Nagusien proposamena aitzakia hutsa izan delarik. Bestalde, Eusko Legebiltzarrean Natalia Rojok (PSE) botatakoek zuzenketa beharko lukete edota gutxienez barkamen publiko bat, Mahaian txosten juridiko bat egon zela esan zuen-eta, inoiz existitu izan ez dena, hain zuzen ere (Legebiltzarreko erregistroan berretsia). Politikariek argi izan behar dute Legebiltzarrean gezurretan ibiltzeak kostu politikoa dakarrela. Hala eta guztiz ere, Mahaiaren erabakiaz gain, frackingarekin asko da jokoan dagoena. Ez dira gauza bera Lakuako Gobernu berriko ahots batzuek oraingo baldintzetan frackingak interesatzen ez duela jendaurrean azaltzea, eta herritarron iritziari aurrerapausoa ematen uztea. Ez da berdina herriaren iritzi hau egunero sentitzen den aldarri-sentsazioa debekua eskatzen duten milaka firmatan islatzea.

Alderdi batzuk beren hautesleria lasai mantentzeko, pirueta semantiko galantak ematera behartuak ikusi izan dira, enpresa energetikoekin eta beraien lobbyekin bilerak izaten zituzten bitartean. Bilera hauen xede nagusia iritzi publikoa nola maneiatu ahal duten ikustea delarik, azkenik teknika ezarri ahal dezaten. Kantabriako PPk debekua babesten du eta Madrilen esplorazioaren aldekoak dira. PSOEk berriz, Madrilen debekua eskatzen du, Euskadin Texasko ikasle finena izan zelarik. EAJ fracking honen aurka agertzen da, Madrilen debekatu ez dadila defendatzen duelarik. Adierazpen, eskabide, mozio eta proposamen guztien entsalada honen helburu nagusia denbora irabaztea besterik ez da, mirari teknologikoa laster etortzear dela konbentzitu nahi gaituzten bitartean, azkenik lehengai ez konbentzional hauek masiboki ustiatzen amaitzeko.

Politikariek azalpen korapilatsuak egitearen arrazoia argia da. Jadanik mundu mailakoa den frackingaren aurkako mugimenduak, ikerketa sakon eta deserosoetan oinarrituta, zera adierazi du: Frackingaren aldeko apustua hutsegite galanta dela bai ingurumenari zein ekonomiari edo eredu energetikoari begiratzen badiogu. Eta «fracking» hitza bera zauritu dute. Mirari teknologikoa izatetik, hitz madarikatua izatera pasa da denbora gutxian. Asko dira, ordea, mirari teknologikoa irudikatuko duen hitz berri baten zain daudenak, teknikoki ezer aldatuko ez badu ere.

Hasiak dira hizkuntzaren inguruko hika-mikak. AEBetako enpresa batek azaldu duenaren arabera, teknikari izena aldatzeare- kin eta honen ordez «presio handiko injekzioa» erabiliz, biztanleriaren aurreiritzi ezkorra murrizten da. Beste proposamen batzuk ere badaude. «Fracking» ordez «haitzaren masajea» edo «estimulazioa» izendatu. Sektoreko liderrak, Halliburton enpresak, patentea lortu du Cleansuite (aplikazio garbia) produktuentzako, green technologies (teknologia berdeak) deituriko arloan. Berdina ote da koktel kimiko batez haitzak haustea eta aplikazio garbi batez haitzari masajea egitea? Ba bai, berdina da. Publizitatearen oinarrizko kontua da. Egon adi!

Frackingarekin eta baliabide ez konbentzionalekin asko dago jokoan. Mundu mailako ekimen honetan, gero eta argiagoa da «azken muga»-ren kutsua duela borroka honek. Ohiko negozioen zaleak (bussines as usual) badakite gizartearentzako erabilgarri dagoen energia produkzioaren tontorra iritsi dela. Egia esan, mundu mailan jadanik norbanakoak (per capita) eskuragarri duen energia kopurua murrizten ari da. Hori horrela izaki, nola izango da posible krisia gainditzea sistema honen oinarrizko legeak aldatu gabe?

Sustatzaileek badakite egungo energia kontsumo maila mantentzeko ez dagoela baliabide eskas hauen atzetik ibili beste erremediorik. Baliabide hauek, or- dea, gas eta petrolio merkea zegoen bitartean mespretxatuak izan dira. Beste baliabideen jarioarekin nahikoa ez da izango honen bila badatoz. Baina arazoa haratago doa. Munduko fracking guztia egin arren, egonkortasunik ez dute lortuko energia arloan, baliabide hauek oso goitik estimatu baitituzte. Horretaz gain, lortuko duten errentagarritasun eskasa hazkundearen bidea berreskuratzeko ez da aski izango. AEBetan ezohiko baliabideen burbuila lehertzen hasia da hemengoa puzten saiatzen diren bitartean. Berri txarra zera da, etorkizunerako beharrezkoak diren gauza asko txikituko dituztela independentzia energetikorik edo enplegu egonkorrik ekarriko ez dituen saio honetan. Hori bai, eredu jasangarri baterako trantsizioa atzeratuko du, eta aldaketa hori premiazkoa da.

Bitartean, gu geurera, ditugun bide eta ahalmen guztiak ipiniz, saio hauen aurrean egongo gara. Instituzioetan eragin dezakeen Herri Ekimenarekin edo gabe, ustiaketak ekiditeko proposamenak bultzatuz. Herri Ekimenaren bidea ez da guztiz itxi oraindik. Lehenengoan jasotako ezetzak buelta izan dezake. Bozeramaileen bileran, Parlamentuan, PSEk iritzia aldatu zuen. Tamalez, kontra dauden EAJk eta PPk Mahaian gehiengoa dute. Horregatik izan ginen Legebiltzarraren aurrean, lobby eta politikarien inguruko antzerki eta guzti. Gizarteak bere iritzia eman aurretik, ez dela bidezkoa Ekimen Legegile bat zakarrontzira botatzea ikusarazteko. Oraindik garaiz gabiltza bidegabekeria hau gerta ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo