GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Eddie Aikau memoriala: Aurten ere ez da itsaskirik izan

Waimeako Eddie Aikau memorial ospetsua egiteko gutxieneko itsaskirik ezean, bertan behera geratuko da aurten ere txapelketa.

p044_f01_97x140.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Abendua eta martxoa artean izaten da Eddie Aikau surflari zenduaren oroimenez egiten den olatu handietako txapelketa, The Quiksilver Big Wave Invitational in Memory of Eddie Aikau.

Aurtengoan 28. edizioa izan da. Urtero egiten da txapelketarako deialdia, baina lehiaketa berezi hau egiaz oso gutxitan egin izan da.

Hawaiiko Oahu irlan dagoen olatu famatuenetako batean egiten da txapelketa gainera, surfaren historian zeresan handia eman izan duen leku mitikoan, Waimean hain zuzen ere. Aurtengoa 28. edizioa izan da eta beste behin ere, txapelketa egiteko behar adinako itsaskia falta izan da.

Waimea

Waimeako badian aurreneko soroslea izan zen eta itsasoak eraman zuen Eddie Aikau surflari hawaiiarraren omenez egiten da txapelketa, eta surflarien artean berebiziko ospea du. Ez da edonork parte har dezakeen txapelketa bat, soilik ohorezko gonbidatuak lehia daitezke.

Txapelketa egiteko baldintzak izan ziren azkeneko aldia 2009ko abendua izan zen, eta Greg Long surflari kaliforniarrak irabazi zuen. 2011n itsaski sendo bat zetorrelakoan txapelketa egiteko deia luzatu zuten. Munduan zehar barreiatuak izan zitezkeen lehiakideek Hawaiira bertaratzeko deia jaso zuten, txapelketarako talaia ere eraiki zuten eta ikusle andana gerturatu zen.

Itsaskia ez zen behar adinakoa izan ordea, eta erabaki zaila izan arren, bertan behera utzi zuten txapelketa. Surflari hawaiiarren esanetan, modu horretan, txapelketa honek duen ospe eta osotasuna agerian geratu zen.

Aurtengo itxaronaldi epea martxoaren 28an amaitzen da eta ez dirudi egun hauetako batean itsaski indartsurik izango denik, beraz aurtengoan ere txapelketa egin gabe iragango da epea.

Erabaki hau hartzerakoan ardura gehien izan zuen pertsona George Downing da, txapelketako zuzendari exekutiboa. Bera da txapelketa egiteko baldintzak badiren edo ez aztertu eta berau egingo den erabakitzen duena.

George Downing olatu handien munduan, eta batez ere Hawaiin, ospe handia duen pertsonaia da. Waimeako badian surf egiten hasi zen lehen surflarietako bat da, eta berariaz olatu handietarako lehen surf taula egin zuen pertsona ere bada. Horrez gain meteorologia gaietan aditua ere bada, beraz halako txapelketa batean erabakiak hartzeko kide egokia dela esan daiteke.

Downingek Waimea maite du eta azken lau hamarkadetan izan diren itsaski guztietan han izan omen da, uretan ez bada kanpoan begira, baina han bertan, urautsitik gertu.

Pasa den astean, aurten ere txapelketa bertan behera geratuko zela ikusita, Waimearen izaera berezia azpimarratzen zuen Downingek eta honela mintzo zen: «Nahiz eta munduko beste leku batzuetan olatu handiagoak aurki daitezkeen, Waimea leku berezia da, bai bertan surf egiteko eta baita kanpotik begira egoteko ere».

Txapelketa honek duen ohorea ere hizpide izan zuen zuzendariak: «Olatu handietako surfaren sorlekua da, gainontzeko guztiei bide eman ziena. Eddiek maite zuen lekua da, bertan egiten zuen lan eta bertan itsasoratzen zen jostatzera. Nahiz eta olatu handiak munduko beste edozein lekutan ere izan daitezkeen, inoiz ez dira Waimea izango. Txapelketa honen muinean ohorea eta osotasuna aurkitzen dira».

Txapelketa berezia

Txapelketa egun batean egiten da osorik. Abenduaren lehena eta otsailaren 28 artean. Erritualez jositako sarrera ekitaldi batek eman ohi dio hasiera. Txapelketa egiteko ezinbesteko baldintza itsaski handia izatea da, gutxienez 25 oineko (7,5 metro) altuera izango duten olatuak behar dira. Horregatik ez da egin txapelketa urte batzuetan, olatuek gutxieneko altuera hori ez zutelako, alegia.

Lehendabiziko aldiz 1986. urtean egin zen lehiaketa hau eta ordutik soilik zortzi bider bete dira txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak. Ezohiko baldintzak dituen txapelketa da honakoa.

Izenak berak dioen moduan, soilik gonbidatutako surflariek har dezakete parte txapelketan. 28 gonbidatu eta 24 ordezko izaten dira. Horiez gain, hilda dauden beste zortzi surflari ere aipatzen dira gonbidatu gisa, aparteko zerrenda batean.

Gonbidatuak australiarrak, estatubatuarrak eta batez ere hawaiiarrak izan ohi dira. Hala ere, bada salbuespenik, Ramon Navarro, pasa den urtarrilean Galean egin zen txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Txileko surflariak, olatu jaitsiera ikusgarrienaren saria jaso zuen orain bi urte. Japoniar bat edo beste ere gonbidatua izaten da, baina kasu bakanak izaten dira hauek.

Txapelketa honetan parte hartu duen europar bakarra Ibon Amatriain izan da. 2007 eta 2008. urteetan gonbidatua izan zen, baina urte horietan ez zen txapelketa egin, ez baitzen gutxieneko baldintzarik izan. 2004. urteaz geroztik, ez da txapelketa egin, olatu handirik ez zelako. 2009an, ordea, berriz ere gonbidatua izan zen eta lehiaketa egin ahal izan zen, zortzi metroko altuera zuten olatuei esker.

Eddie Aikau gogoan

Waimeako badian aurreneko soroslea izan zen eta espedizio batean itsasoak eraman zuen Eddie Aikau surflari hawaiiarraren omenez egiten da txapelketa.

Epea amaitzear Itxaronaldi epea martxoaren 28an amaitzen da eta ez dirudi egun hauetan itsaski indartsurik izango denik, beraz aurtengoan ere ez da txapelketarik izango.

george downing

«Nahiz eta munduko beste leku batzuetan olatu handiagoak aurki daitezkeen, Waimea leku berezia da, bai bertan surf egiteko eta baita begira egoteko ere»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo