GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Aita santuak ez nau harrituko

Ezin hobeto gogoratzen dut Elizaren berri izan nuen lehen aldia. Txikia nintzenean, bat-batean eskolako lagunak aztoratzen hasi ziren jaunartzea zeritzon zerbait zela eta. Soineko dotorea, bazkari ederra, opari piloa... Etxera heldu nintzen arratsalde batean eta haserre galdetu nion amari zergatik nebak eta biok ez geneukan halakorik; zergatik ginen bakarrak ez zeudenak bataiatuta; zergatik ez ginen katekesia deituriko gauza horretara joaten. Orduan izan nuen Elizaren berri, amak horiei guztiei erantzuteko horiek guztiak zeren barruan kokatzen diren azaldu behar izan baitzidan. Eta ondo gogoratzen dut esan zidala: «Nik, adibidez, bat egiten dut kristautasunarekin, aldarrikatzen dituen balioekin, baina ez Eliza katolikoarekin». Orduan ez nuen piperrik ulertu, eta oparirik ez genuela edukiko baino ez zitzaidan argi geratu.

Orain, aldiz, harro nago gure gurasoez. Harro nago ez gintuztelako behartu Eliza moduko erakunde bateko ezer izatera. Aukera utzi zigutelako helduak izatean guk geuk erabakitzeko zertan sinetsi eta zertan ez, zein erakundetan parte hartu eta zeinetan ez; zalantzarik gabe, Eliza nigandik urrunen dagoen entitatea da, eta, amak zioen bezala, bat egin nezake aditzera ematen dituen balioekin, zenbaitekin, baina inoiz ez nau ordezkatuko. Ez dut zerikusirik izan eta izango horrenbeste gaitzesten dituen bekatu kapitaletatik guztiak betetzen dituen eta hipokrisiaren adibide garbia den erakunde horrekin.

Horrenbestez, berdin dit egungo aita santuak kargua utzi duela-eta beste bat aukeratu beharra sortzen ari den zalapartak. Habemus papam ospetsua entzundakoan, ez da ustekaberik izango: aita santu berria gizonezkoa izango da, gizonezkoek txiza zutik egitea baino zaharragoa eta, ziurrenik, aurrekoen ildo ideologiko berekoa. Bere botere mugagabea ez du baliatuko Eliza oraingo garaiari egokitzeko; ez du erakundea astindu eta kiratsa darion guztia garbituko, apaiz pederastak eta horien delituak eta basakeriak urtetan estali dituztenak salatuta, esaterako; ez ditu emakumeak barneratuko, eta batik bat familiaren instituzioak biziraun dezan funtsezko ugalketa osagaitzat jotzeari utziko; abortuaren, preserbatiboen eta homosexualen eskubideen kontra egiten jarraituko du; estatuen erabakietan eragiten saiatuko da, milaka bilera eta bidaiatan; eta abar. Berdin dit ez nauelako harrituko eta, batez ere, bata zein bestea izan haren aurpegi eta mandatari gorena, ez didalako eragingo.

Baina eragin eragiten du, mundu zabalean zehar. Haren hitzak, zuzendaritza, kontuan hartuko dituzte milioika pertsonak, eta horien gidaritza espiritualaz arduratzen diren Elizako kideek. Asko esaten da Elizak ez duela etorkizunik, ez delako ari gazteen bidez odol berritzen, batik bat, eta sinestunak galtzen ari den neurri berean ari dela gero eta txikiago geratzen. Baina txikitasun hori, oraindik, oso handia da, eta, oraindik, boteretsua. Ikusi besterik ez dago botere hori egikaritzeko kargua hutsik geratzeak eragiten duen mundu mailako oihartzuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo