Aizkora
Vicentetarrak eta Jauregi eta Kañamares, finalera
J.L.
Vicentetarrak eta Jauregi eta Kañamares III.a sailkatu ziren atzo Zarautzen datorren igandean Azpeitian jokatuko den Zilarrezko mailako finalera. Saio horretan, Nazabalek eta Zubiagak, Otañoren eta Otaegiren aurka jokatuko dute, berriz, Urrezko Aizkorako final handia.
Daniel eta Iker Vicente faboritoak ziren Irazabalen eta Olanoren aurkako kanporaketan, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta lan handia egin behar izan zuten.
Bikote bakoitzak bost lan egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Bigarren lanean, erlojuz kontra zeinek 45 ontzako enborra azkarrago moztu neurtu ziren. Hirugarrengoan, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Laugarrengoan, bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta azkenik, txanda librean, lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak.
Lehen saioan, Vicentetarrek 27 segundoan amaitu zuten lana, eta lauren aldea kendu zieten aurkariei. Bigarren ekinaldian, berriz, 59 segundoan burutu zuten lana Daniel eta Iker Vicentek, eta minutu eta 4 segundoan, berriz, Irazabalek eta Olanok. Zutikako proba ere Otsagabikoek bereganatu zuten. Irazabalek eta Olanok irabazi zuten, laugarren lana 3 minutu eta 44 segundoan amaituz, eta aurka zuten aldea zazpi segundoan laburtuz. Txanda libreko saioa ere Olanok eta Irazabalek irabazi zuten, lana 7 minutu eta 56 segundoan amaituz. Nafarrek, berriz, 8 minutu eta 6 segundoan amaitu zuten, eta nahikoa izan zuten finalean sartu ahal izateko. Lan guztiak 14 minutu eta 30 segundoan amaitu zituzten, eta 14 minutu eta 48 segundoan, Irazabalek eta Olanok.
Beste finalerdian aldeak askoz era handiagoak izan ziren, Jauregik eta Kañamares III.ak ez baitzuten arazorik izan garaipena lortzeko. Kolpekakoa 38tan amaitu zuten enborra eta zortziren aldea kendu zieten rodrigueztarrei. Erlojuz kontrakoa segoviarrek irabazi zuten, lana 45 segundoan amaituz, seiren aldea kenduz.
Zutikako lanean, ordea, faboritoek alde handia lortu zuten, enborra minutu eta 6 segundoan botaz, eta 19 segundoko tartea lortuz. Abiadurakoan, minututik gora atera zuten, eta baita iraupen proban ere. 15.08 izan zen Jauregiren eta Kañamaresen amaierako denbora, eta 17.55 izan zen, berriz, Juan eta Juanillo Rodriguezena.