GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Paxkal Ezkurra hasi da berriz bere joko onena ateratzen

Urruñako atzelariak sekulako norgehiagoka egin eta finalerako txartela lortu du.

p036_f02.jpg

Jon LEUNDA

Ezkurrak eta Waltarik jokatuko dute finala datorren igande eguerdian Baionan. Urruñako atzelaria zegoen egoerarik zailenean, baina atzo lapurtarraren aspaldiko partidarik onena ikusi zen, oraindik maila oso ona eman dezakeela erakutsiz.

Paxkal Ezkurrak azken urte hauetan lesioak ere ugari izan ditu, eta burua altxatu ezinik ibili da. Finalerdi hauetan gripea ere pasatu du, baina Armendaritzen ikusi zen pilotariak denak zoratuta utzi zituen. 40-24 irabazi zion Patrick Ozafraini 47 minutuan pilotan aritu ostean.

Atzelari lapurtarrak 31 tanto egin zituen jokoan, eta hori dena lortzeko gauzak oso ongi egin behar dira. Pilota sarean sartuz, aurrean utziz, pilota aurkariaren gainetik pasatuz, era guztietako jokoa erakutsi zuen.

Ozafrainek, berriz, ezer gutxi egin ahal izan zuen, aurrean zuen pilotariak azpian eduki baitzuen, baina bera ere ez zen ezertarako gai, askotan pilota usaindu ere ez baitzuen egiten. Irabazten hasi zen, baina berehala berdindu zuen Ezkurrak, nahiz eta lehen hamabost kintzetan partida nahiko orekatua joan zen. Hortik aurrera, erabat nagusitu zen Ezkurra, eta zuloa egiten hasi zen 2-17ko partziala lortu eta 19-32ko emaitza jarriz. Horrekin dena erabakita geratu zen, baina Paxkalek ez zuen bere maila batere jaitsi, eta ongi merezitako garaipena lortzeaz gain, finalerako txartela ere eskuratu zuen, Patrick Ozafrain bazterrean utziz. Saketik bi tanto egin zituen Ozafrainek, eta sei Ezkurrak. Jokoan, 17 egin zituen Ozafrainek, eta 31 Urruñakoak. Galdu, berriz, 3 eta 5. Markagailua honela joan zen: 1-0, 1-1, 10-11, 15-15, 15-17, 17-17, 17-28, 19-32, 21-37 eta 24-40.

Waltari

Beste finalista Waltari izango da. Kubako aurrelaria ia sailkatua zegoen, eta inork zalantzarik bazuen ere, atzo mendean hartu zuen Etxeberri 40-33. Amerikarra nagusi izan zen, baina garbi ikusi zen ez dagoela bere unerik onenean. Jokaldi oso onak eta kaskarrak tartekatu zituen, ez zuen erregulartasun bat mantendu, eta zaleen ustez, finalean bere mailarik onena ematen ez baldin badu, Ezkurrak estu eta larri hartuko omen du. Dena dela, Kubakoa finalean ere faborito aterako da, eta seguruenik ere ez da diru asko jokatuko, ez behintzat Urruñakoa aurretik aldearekin jartzen ez baldin bada. Waltari oso indartsu hasi zen, eta denbora gutxian 13-1 jarri zen.

Bazirudien partida oso azkar amaituko zela, baina lehen tanto ikusgarrien ostean, amerikarraren alderik ilunena agertu zen, eta Etxeberrik ez zuen barkatu 6-24ko partziala lortu eta 26-25 jartzeko. Zailena egin zuen lapurtarrak, eta bazirudien aurkaria estutzeko moduan zegoela, baina Waltari ongi ez egon arren, edozein unetan min handia egin dezakeen pilotaria da, eta horixe egin zuen. Berriro ere tartea zabaltzen joan zen, amaieran garaipena erdiesteko.

51 minutu iraun zituen norgehiagokak, eta saketik 12 tanto egin zituen Waltarik, eta 9 Etxeberrik. Jokoan 22 egin zituen Kubako aurrelariak, eta aurkariak 15. Galdu, berriz, 9 eta 6 egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 8-0, 13-1, 19-17, 26-25, 30-25, 36-31, eta 40-33.

Finalerako sarrerak Baionan jarriko dira salgai

Datorren igande eguerdian Baionan jokatuko den finala zuzenean ikusi nahi duenak, gaurtik aurrera txartelak salgai izango ditu, erosi nahi baditu, Modernen bertan. Leihatilak gaurtik ostegunera zabalduko dira egunero. Goizean 09.00etatik 12.00etara salduko dituzte, eta arratsaldean, berriz, 14.30etik 17.00etara. Ezkerreko aldetik partida ikusi nahi dutenek, 20 euroan erosi ahal izango ditu txartelak, eta eskuineko aldetik ikusi nahi duenak, berriz, 10 euroan. Telefonotik ere eros daitezke sarrerak, eta horretarako 055 946 10 77 zenbakira deitu behar da. Hego Euskal Herritik deituz gero, aurretik 0033 markatu behar da J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo