GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzaren aro berria zabalduko du Donostiako ekitaldiak

Urtebete iraun du Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra berrosatzeko abian jarri zen prozesuak. Larunbatean egingo da, Victoria Eugenia antzokian, eta barne araudia erabakitzeaz gain, lehentasunak finkatu eta 19 lagunez osatutako zuzendaritza berria hautatuko dute.

p017_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Datorren larunbatean eratuko da berriro Udalbiltza, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian. Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarraren sustatzaileek atzo adierazi zutenez, hortik aurrera antolakundearen «aro berria» hasiko da. Berrantolatze prozesuak urtebete iraun du. Iazko martxoan abiarazi ostean, talde sustatzailea eratu zen uztailean, eta geroztik hautetsien ekarpenak jaso dituzte.

Batzar eratzailea 11.00etan hasiko da, dagoeneko ezarrita dagoen gai zerrenda lantzeko. Lehenik eta behin, Euskal Herriaren gaineko diagnostiko bat eskainiko dute, eta ondoren hautetsien ekarpenak eta eragileekin izandako bileretan ondorioztatutakoa eztabaidatu. Horren ondotik, Udalbiltzaren lehentasunak ezarriko dira, horiek bozkatzeko.

Barne araudia ere larunbateko ekitaldian erabaki eta bozkatuko da, hala nola, zuzendaritzaren osaketa berria ere. Behin izendapenak eginda, presidente berriak hitzaldia eskainiko du.

Atzoko prentsaurrekoan Iratxe Lopez de Aberasturik eta Maite Iturrek jakinarazi zutenaren arabera, 19 lagunek osatuko duten zuzendaritza izendatzeko garaian aintzat hartuko dira Euskal Herriko zatiketa administratiboa, zazpi herrialdeak, aniztasun politikoa, generoa eta hizkuntza.

Lehentasunak ere argi dituztela azaldu zuten, azken hilabeteetan horiek ere zehaztu baitituzte. Lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriaren nazio egiturak, herrien arteko harremanak, naziotasuna eta nazioarteko lana izango dira, besteak beste, garrantzizko gaiak.

Euskal Herria nazio gisa

Udalbiltza berria izango denak atxikimendu ugari jaso ditu, eta Igor Eguren Ordiziako alkateak baieztatu zuenez, «EAJko hautetsiez gain, beste sigla eta sentsibilitate politikoetako ordezkariak ere badira». Zehazki, 1.127 atxikimendu erregistratu dituzte. Horietatik, 153 alkateak dira, eta 393 udaletxe daude ordezkatuta. Herrialdeka eskainitako datuen arabera, 31 dira Lapurditik, 9 Zuberoatik, 4 Nafarroa Beheretik, 279 Nafarroatik, 392 Bizkaitik, 100 Arabatik eta 412 Gipuzkoatik.

Babesa jasotzeko ateak zabalik dituztela esan ostean, gogorarazi zuten «Udalbiltzaren filosofiarekin bat egiten dutenek Euskal Herria nazio bezala ulertzen dutela eta atxikitzen diren unetik prest daudela horren alde lan egiteko».

Eudelekin dituzten harremanen gainean galdetuta, Egurenek azaldu zuen Udalbiltza sortuko dela «dagoeneko badauden erakundeen osagarri gisa, baina hauek ez bezala, ez duela udaletxeei laguntza logistiko zein teknikorik emateko asmorik». Honen harira, erantsi zuen helburua «Euskal Herriaren eraikuntza nazionala indartu eta artikulatzea eta gaur egungo banaketa politiko administratiboa gainditzea dela. Eta hori da aurrerantzean landuko dugun esparrua», amaitu zuen.

talde sustatzailea

Orain hamar urte, 2003an, Udalbiltzaren aurka egin zuen Auzitegi Nazionalak polizia operazio batean. Zortzi urtera absolbitu egin zituzten auzipetu guztiak. Azken urtean, 17 lagun aritu dira talde sustatzailean lanean hautetsiekin harremanetan.

5 PRINTZIPIO

Hastapenetako bost printzipioak dira lanaren oinarria: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, baita nazioartean ere, egituraketa politikoa eraikitzea, nazio eraikuntza bultzatzea eta udalerrien arteko harremanak indartzea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo