GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekimenak Gasteizen eta Iruñean, Madrilek iragarri udalen erreformaren aurka

Gobernu espainolak udalei eskumenak kentzeko eta erabiltzen duten dirua murrizteko egitasmoa darabil esku artean, eta horren aurkako ekimenak martxan jarri dira Nafarroako zein Gasteizko parlamentuetan.

p019_f05.jpg

M.D. | IRUÑEA

Gobernu espainolak herri-administrazioa erreformatzeko duen egitasmoaren aurkako ekimenak martxan dira Nafarroako eta Gasteizko parlamentuetan. Mariano Rajoyren Gobernuak udalerri txikietako zinegotzi eta alkateek jasotzen duten diru-ordaina ezabatu eta udalen eskumenak ere nabarmen murriztu nahi ditu.

Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzionala onartu zuen PSN, Bildu, Aralar-NaBai eta I-E taldeen bozekin. PPk aurka bozkatu zuen eta UPN abstenitu egin zen.

Adierazpen horretan Parlamentuak Gobernu espainolaren egitasmoaren aurkako iritzia plazaratzen du, «udal-autonomiaren aurkako erasoa» delako. Alde horretatik, egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen diote Madrili.Horrez gain, Nafarroan herri-mapa aldatzeko prozesua martxan dagoela gogorarazten dute agirian, eta bertan udal, kontzeju eta mankomunitateen iritzia kontuan izatea ezinbestekotzat jotzen da.

Gasteizko Parlamentuari dagokionez, PSEk dagoeneko ekimen bat aurkeztu du. Gobernu espainolaren egitasmoak «udalek eskaintzen duten zerbitzu publikoak deuseztatzea» duela helburu adierazten du. PSEko eledun Jose Antonio Pastorrek atzo adierazi zuenez, Madrilen egitasmoa «erabat atzerakoia da» udal-autonomiaren aurka egiten duelako, udalen ahalmen politikoa murrizten duelako eta Lakuako Gobernuaren eskumenak zalantzan jartzen dituelako.

EH Bilduk ere beste ekimen bat aurkeztu du Gasteizko Parlamentuan. Bertan, hainbat gauzaren artean, Madrilek bultzaturiko erreforma gauzatuko balitz Araban dauden 53 udaletatik 50 desagertzeko zorian egongo liratekeela nabarmentzen da.

Hori azalduta, Gobernu espainolari bere egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen dio EH Bilduk. Lakuakoari, berriz, Madrilen legearen arriskua ikusita toki-administrazioaren baitan lanean ari diren eragile anitzekin batera erantzun bateratua emateko eskatzen dio.

PSEk bere proposamena lehenago aurkeztu zuenez -dagoeneko Mahaiak aztertu du-, EH Bildurena Parlamentuan eztabaidatuko den ala ez erabakitzeko aukera du.

ELA sindikatuak ere Mariano Rajoyren Gobernuaren egitasmoa kritikatu du «enplegu publiko asko» suntsituko duela iritzita. Hori dela eta, EAEko eta Nafarroako gobernuengana zuzendu zen erreforma Hego Euskal Herrian indarrean sar ez dadin beharrezkoak diren neurriak har ditzatela eskatzeko.

Era berean, Madrilek bultzatzen duen erreformak udal eta aldundiek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea suntsituko duela gaineratu zuen ELA sindikatuak.

araba

Gobernu espainolak bultzatzen ari den herri administrazioaren erreforma gauzatuko balitz, Araban dauden 53 udaletatik 50 desagertuko liratekeela nabarmendu zuen EH Bilduk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo