GARA > Idatzia > Kultura

Tolstoiz eta arteaz hausnarrean jarri ditu Cano, Egaña eta Atxaga Aritz Gorrotxategik

Errusiarrak duela mende bat egin zuen artearen gogoeta. Proposatutako ideiak pil-pilean daude oraindik ere, eta horien gaineko hausnarketa egiteko Cano, Egaña eta Atxagaren laguntza izan du Gorrotxategik.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Lev Tolstoik idatzitako «Zer da artea?» lanaren moldaketa dakarkigu Meettok argitaletxeak Aritz Gorrotxategiren eskutik. Idazleak errusiarraren lana itzultzeko egitasmoa harago eraman du egindako hainbat gogoetari esker.

Testua hitzez hitz itzuli beharrean ideia nagusiak elkartu eta errepikakorrak direnak kendu ditu, irakurleak errazago jaso ditzan. Hori nahikoa iruditzen ez zitzaionez, beste bi atalekin osatu du liburua. Lehenengoan, hitzaurrea idatzi du Gorrotxategik. Liburua eman zuenean, Tolstoik ospea, dirua eta familia bat zuen, eta orduantxe, bere unerik gozoenean, bizitzaren zentzuaz pentsatzen eta heriotzaren beldur izaten hasi zen. Dante, Shakespeare, Goethe, Beethoven edo Baudelaire bezalako sortzaileak zein bere lan propioak kritikatzen hasi zen. Hitzaurrean aldaketa honen zergatia azaltzen da, ondoren irakurriko dugun testuko tesiak ulertu ahal izateko.

Bigarren atala, beraz, «Zer da artea?» liburuaren laburpena da. Hirugarrena egiteko, Gorrotxategik berak prestatutako testua bidali zien Harkaitz Cano, Andoni Egaña eta Bernardo Atxagari gogoeta egin zezaten. Ondoren mahai-ingurua egin zuen haiekin, bera moderatzailea zelarik.

Solasaldi pribatu horretatik ateratako ondorioen elkarrizketa formako sintesia ageri da liburuan. «Gauza batzuetan ados gaude, beste batzuetan ez», aitortu zuen Harkaitz Canok liburuaren aurkezpenean.

Bere ustetan artea zer den azaltzera ez zen ausartu, baina 2008an zendu zen David Foster Wallace idazle estatubatuarraren hitzak errepikatuz zera esan zuen: «Egungo artista bat gustu oneko kleptomano bat izan daiteke». Ideia hau Tolstoiren eta Gorrotxategiren beraren iritzien kontrakoa da, eta egileak zergatia azaldu zuen.

«Horrek esan nahi du dena egina dagoela, eta besteen ideien lapurrak garela». Izan ere, Tolstoik zioen artea artistak transmititu eta ikusleak sentitu behar duen zerbait dela, zerbait esateko balio duena eta ez entretenitzeko, eta norberak sortutako produktu originala izan behar dela.

Laburbilduz, Tosltoiren arabera, egun dagoen «arte» gehiena ez litzateke artea izango. Era berean artearen maisuak zalantzan jartzen ditu. «Onak dira, edo onak direla esan digutelako, horietara ohitu eta onak direla uste dugu?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo