GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Agirreren ukoa, funtsezko eztabaidarako aukera

Atzo arte EITBko zuzendari nagusi izateko hautagai zenak eta bihar Gasteizko Legebiltzarrak izendatu behar zuenak, «arrazoi pribatuak direla medio» uko egin dio hautagaitzari. Mikel Agirreren erabakia errespetatzekoa da. Ezer gutxi balio du horren atzean egon litezkeen arrazoien inguruan aieruka ibiltzea, eroritako zuhaitzetik ezpalak ateratzea edo politikakerien kalkulutan tematzea. Izan ere, EITBren arazo behinena ez da nork zuzenduko duen argitzea, ez Legebiltzarrean haren aldeko gehiengoa bermatzea, ezta eguraldiaren mapa berria edo albistegietako eskaleta berria ere. Arazoa oso bestelakoa da. Eta Mikel Etxeberriaren erabakiak, paradoxikoki, aukera eta bide ematen du, behingoz, EITBren eredu, etorkizunerako ideiaren gaineko eztabaidari ekiteko.

Atzeraezinezko erronka da hori. Komunikazioaren paradigmak eta negozio ereduen aldaketa itzela, telebista autonomikoetako murrizketa eta pribatizazio handiak, publizitatearen sarreren beherakada nabarmena eta ikus-entzunezkoen panorama teknologiko arras ezberdin baten testuinguruan hil ala bizikoa du EITBk egun denaz eta bihar izan nahi duenaz eztabaidatu eta erabakitzea. 32 urte eta gero, euskal herritarren identifikazioa eta atxikimendua lortu nahi badu, alderdien loturetatik libratu eta funtsezko funtsean kontzentratu beharko du: herri honen eta bere nahien egiazko ispilu izaten alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo