Euskal Herriko eta Kubako haurrak pelikula bat filmatzen ari dira elkarlanean
GARA | BILBO
Euskal Herriko hamar ikastetxetako ikasleak Kubako beste hainbat ikastetxetako ikasleekin senidetu dira, bi herrien arteko harremanean lotuz eta sakonduz elkarren berri jakiteko eta norberaren kulturaz gehiago ezagutzeko helburuarekin. Senidetze honetan parte hartzen ari diren eskolak kontuan harturik, 5.000 haur dira senidetuta egongo direnak, Lehen Hezkuntzakoak guztiak.
Aurreikusitako egitasmoen artean Kubako eta Euskal Herriko ikastetxeek landuko duten «Keinuka mugaz gaindi... un guiño, un beso» pelikula azpimarratu behar da. Pelikula honen argudioak eta edukiak giza balioekin izango du zerikusia (umiltasuna, harrotasuna, adiskidetasuna, naturarekiko errespetua...); eta protagonistak eta artistak haurrak beraiek izango dira.
Ikastetxe guztiak binaka senidutata daudenez, bikote bakoitzari giza balio bat eman diete lantzeko, eszena bana garatzeko. Eszenak 2 edo 3 minutukoak izango dira eta ikasturtean zehar filmatuko dituzte, hemendik datorren urtarrilera artean.
Egitasmo honetan, hainbat instituzio eta organismok parte hartuko du, hala nola ICAIC-ek (Instituto Cubano de Arte e Industria Cinematográfico), Kurkuluxetan antzerki eskolak, Comité de Artes Escénicas de Santiago de Cuba y Guantánamok eta Ibaizabal telebistak.
Pelikularen estreinaldia 2014ko ekainean egingo da, Kuban eta Euskal Herrian ospatuko den aldi bereko jaialdi batean. Bilboko Kafe Antzokian (18.00etan) eta Kubako Santiagon (12.00etan), haur jaialdi bat ospatuko da, eta bi herrien arteko konexioa egingo da. Pelikularen estreinaldiaren ondoren, bi herrialdeetako ikastetxe eta kultur etxeetara zabalduko da, eta pelikularekin batera eztabaida bati bide emango diote, haur zein helduentzat.