GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Gipuzkoar bezala, ohore bat da Munduko Txapelketa Donostian jokatzea»

p043_f01.jpg

Mikel Ayerbe

Palista

Mikel Ayerbe Iturburu zarauztarra larunbatean Binakako Munduko Txapelketaren finalean egongo den gipuzkoar bakarra da. 36 urteko atzelaria onenen artean lekutxo bat egiten joan da apurka, eta bere palmaresa ederki gizendu da. Bigarren mailan buruz buru (2003 eta 2004) nahiz binaka (2007 eta 2008) txapelak jantzi ostean, Binakakoan jo du goia, iaz txapeldun eta 2010ean txapeldunorde irtenda.

Asier AIESTARAN

Faborito moduan ekin zioten txapelketari Esteban Gaubekak eta Mikel Ayerbek, ez baitira alferrik iazko txapeldunak. Ligaxkan, ordea, bi partida galdu zituzten, horietako bat finalean aurkari izango dituzten Fusto eta Larrinagaren aurka (3-1). Hala ere, finalerdia irabazi eta baikor azaldu zaio GARAri atzelari zarauztarra.

Zer moduz iritsiko zarete larunbateko finalera?

Animoz ondo, eta jokoz ere uste dut maila nahiko altua eman genuela finalerdian biok. Oso ongi iritsiko garela pentsatzen dut. Hori bai, jakinda aurkariek bikote oso indartsua osatzen dutela eta momentu oso onean iristen direla finalera. Baina gurea ematen badugu nik uste aukerak edukiko ditugula.

Beraiek zuzenean sailkatu dira. Faboritotzat jo behar al ditugu?

Ligaxkan beraiek irabazi ziguten. Partida on samarra irten zen, baina azkeneko seta erraz antzean irabazi ziguten. Egun hartan Estebanek ez zuen egun oso borobila eduki, eta hitz egin genuen bion artean. Ondorio positiboak atera behar genituela pentsatu genuen, eta Estebanek bere maila emanez gero aukerak edukiko ditugula.

Non egon daiteke finala irabazi ahal izateko gakoa?

Final batean urduritasunak ongien dominatzen jakitea ere garrantzitsua da. Final batean ongi hasteak lasaitu egiten zaitu eta aurkaria normalean baino gehiago larritzen da. Baina hala ere nire ustez guk gure jokoa egitera irten behar dugu, ez aurkariak zer egiten duen pentsatzera. Ehuneko ehuna eman, eta ea gero eguna nola joaten den.

Zuek finalerdia jokatu behar izan zenuten aurreko asteburuan. Beraiek, aldiz, atseden hartzeko denbora gehiago izan dute. Abantaila al da beraientzat?

Balda bezalako frontoi luze batean jokatuta, eta kontuan izanda gu frontoi motzago batean jokatzetik gatozela ia urte eta erdiz, pilotaleku horretan partida bat gehiago jokatzea nik aukeran nahiago. Azken finean, entrenamendu bat gehiago da. Noski, nahiago nuen badaezpada finalean zuzenean sartzea, baina azkenean partida bat gehiago jokatzea ongi etorri zaigula uste dut.

Zer moduzko esperientzia izan da Munduko Txapelketa Donostian jokatzea?

Guretzat oso positiboa izan da. Udalak aurkezpen oso ona egin zuela uste dut, eta niretzat, gipuzkoar bezala, ohore bat izan da Munduko Txapelketa Gipuzkoako hiriburuan jokatzea. Gainera, pala pixka bat Bizkaitik ateratzeko gogoa ere bazegoen pilotarion artean. Udan ibili ginen bai Iruñean, sanferminetan, eta bai Donostian ere, Aste Nagusian, eta horrela jarraitu nahi dugu. Bizkaitik atera, beste lekuetan ere pala zer den erakutsi. Badirudi ekonomikoki egoera onena ez dela, baina ea tirriki-tarraka lekutxo bat egiten jarraitzen dugun.

Hilabete honetan Baldan entrenatu al duzue?

Gaubekarekin hitz egin nuen. Balda oso frontoi exijentea da, pisutsua, zaila. Argi eta garbi esan nion Estebani: `Zerbait egin nahi badiagu, hemen entrenatu beharko diagu'. Frontoi berezia da, eta beste pilotaleku batean entrenatzeak ez du ezertarako balio, nahiz eta bestea ere frontoi luzea izan.

Jendeak ongi erantzun al du? Giro ona egon al da frontoian?

Jendea hurbildu da. Baina betikoa da, orain, finala gerturatzen doan heinean, egunkariak deika hasten dira, finala telebistaz emango dute... Denak laguntzen du eta uste dut finalean giro polita egongo dela.

Apur bat atzerago begiratuta, Miribillan daramazuen denbora kontuan hartuta, zer balantze egiten duzu?

Hobeto egotea bageneukan, baina okerrago ere bai. Guk denetik probatu dugu pala munduan, txarretik gehiago onetik baino. Itxita egon behar izan dugu, enpresariekin tirabiraka ere bai, pilotari koadroa murriztu egin da... Baina hortxe jarraitzen dugu. Gure gustuko lana da, soldatatxo bat ere eramaten dugu etxera, eta inguruan zer panorama dagoen ikusita... Eskua zenbat jaitsi den, erremontea nola dagoen... Dagoena hartu behar da, esku bat bota, eta ea denon artean aurrera egiten dugun.

Deialdia egingo al diogu jendeari larunbatean frontoira hurbildu dadin?

Bai, zalantzarik gabe. Joan den jendea oso pozik irten da frontoitik. Hasieran ez ziren horren partida onak atera, frontoi zaila, pilota berriak... gu izan ginen lehenak esaten `hi, ez gaituk batere ongi jokatzen ari'. Baina azken partidak askoz hobeak atera dira, finalerdia ere bai, eta jendea animatuko nuke etortzera. Partida ona ikusteko aukera asko daudela uste dut.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo