Joserra Beloki, Karlos Serrano Donostia Kantuz-en izenean
Kantu Jira, esker onez
Joan den larunbatean, 1.000tik gora lagunek euskal esanez eta doinuz bete zituzten Parte Zaharreko kaleak: euskal kantuaren eta euskal jendearen festa bat. Baina 10 urte hauetako hileroko Kantu Jira eta larunbateko festa berezia ezin izango ziren egin hainbaten laguntzarik gabe; larunbatean ezin izan genituen eskertu eta hutsune hori bete nahi genuke, lerro hauen bidez: eskertzen ditugu, beraz, 10 urte hauetan, hilero-hilero, eguraldi ona nahiz txarra, guregana bildu diren ehunka lagunak, bai eta kolaboratzaile ugariak ere (Juanjo Estanga eta hainbat trikitilari, Udal Txistularien Banda, Alkarkide txaranga, Hernaniko eta Parte Zaharreko dultzaineroak, Biarritzeko gitarra jotzaileak, Lasarteko Musika Eskola, Juantxo taberna...), baita larunbateko Kantu Jira berezia egiten lagun izan ditugunak ere (Donostia Kultura, Bagera elkartea, Antza Komunikazio Grafikoa, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea -Petritegi, Lizeaga, Iparragirre eta Izeta sagardotegiak bereziki- eta, berriz ere, Hernaniko dultzaineroak eta Juantxo taberna). Eskerrik asko, nola ez, Donostiara larunbatean, bertatik eta kanpotik, etorritako ehunka lagunei. Gure esker ona, azken-azkenik, poeta-bertsolari-kantari-musikari zahar eta berriei, bai eta gure aurreko belaunaldiei ere, hitza eta doinua sortu, haiek uztartu eta transmititzeagatik; izan ere, «hitzikan gabe (doinurik gabe) esaidazue nola irtengo naizen plazara...».