Lander GARRO Idazlea
Arteak gutaz dioena
Txaloak eta arroza nahi ditu artistak, ez du asko eskatzen. Egoaren morroia dela esango dute, betitik izan zela izaki hanpatu samarra, berezia, ezberdina. Beti nahi izan zuela nabarmendu. Ez dakite artistaren baitan bizi den anabasa estetikoa eta teknikoa norainokoa den, haren baitako forma, testura, soinu eta irudien kutxa noraino egongo den nahasia, krisian, materia toxikoez eta kutsaduraz betea, kolpeka dabilen traktore zaharraren motorra bezala: oro bertute, oro arazo. Ez zaigu artista saiatuaren eta bila dabilenaren soslaia gustatzen, nahiago genuke, geu bezala, gutxiagorekin konformatu izan balitz; auzoko bizitza, larunbateko partida, lagunekin afaria. Baina besteek urratu ez zuten bidea urratzen saiatu da, eta, bizkarrean zapladak ematen badizkiogu ere, sakon-sakonean, gogaitu eta oldartu egiten gaitu. Finean, zer egiten du? Ez dakigu zer egiten duen, eta ez zaigu axola, bere kezka estetikoak guretzat arraroak eta arrotzak baitira. «Ez du inorekin hitz egiten; lehen zen mutil jatorrarekin». Gainera, zertarako ukatu, geu ere utzi samartuta gabiltza, gaztetako liburuekiko eta pinturekiko jakin-min lauso hura guztiz ahaztuta. Beraz, artistaren figura ezerosoa da guretzat, berea bezala, geure porrota gogorarazten digulako. Ispiluak itzultzen digun irudi deformatua. Ezberdina da sentimendua, ordea, artistak fama lortzen duenean eta komunikabideak artista jainkotzen hasten direnean. Harekin errekontziliatzen gara, artaldetik atera izana eskertzen diogu, eta, une batez, fedea berreskuratzen dugu. «Nik beti sinetsi izan nuen, oso tipo bizia eta azkarra zen». Famak dena sendatzen baitu. Baina orduan auzoko neska gazte bat pasatuko da bere koadroak besazpian hartuta, eta halako sentimendu gaizto batek kolpatuko gaitu eta marmarrean hasiko gara berriz: «Nora doa?»...