Hessel, bidegabekeriaren aurkako haserrea
Stephane Hessel ez da suminduraren ondorioz hil, nonbait, baina bai suminduta. Arrazoiz. Haserretzeko motiboa franko izan zuen bizitzan, eta haserrea bidegabekeriaren aurkako tresna gisa erabiltzea erabaki zuen. Haserretzeko eskubide eta beharra aldarrikatu zituen «Haserretu zaitezte!» liburuan, 90etik gora urte zituela, batik bat gazte jendea gogoan. Huraxe izan zen munduan barrena hedatu zen «matxinada baketsua»-ren iturburua. Askoz lehenagotik, ordea, nabarmentzeko moduko biografia osatua zuen. Nazien aurkako Erresistentziako kide, politikari, diplomazialari, olerkari, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren idazleetakoa, beti ere herri zapalduen eskubideen aldekoa... Zapaldua eta zapalduen laguna. Baita, beraz, Euskal Herriaren laguna, Euskal Herriko Laborantza Ganbera auzipetu zutenean haren alde agertuz edota, berrikiago, Aurore Martinen aurkako euroagindua salatuz, hala nola François Hollanderi Euskal Herriko bake prozesuan engaiatzeko eskatuz erakutsi zuenez. Mundu osoan bidegabekeriak pairatzen dituztenen, haserretzeko arrazoiak dituztenen lagun eta, azkenaldion, gidari.
Hessel, sumintzeko hainbeste arrazoi izan zuena, bere bizi luzearen hondarrean idatzitako liburuxkak famatu zuen. Beharbada haserretzeko motiboa dutenen haserrerik ezak suminduta idatzi zuen.