GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irakaskuntza elebiduna eskola kartaren «biktima» nagusia dela dio Biga Baik

Biga Bai gurasoen elkarteak gogor salatu du euskararen irakaskuntzarako irakasle lanpostu berririk sortu ez izana, ikasle kopuruak gora egin duela kontuan harturik. Ikas-bik elkarretaratzea egingo du gaur.

Ainize BUTRON | BAIONA

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Akademia Ikuskaritzaren eta irakaskuntza publikoan diharduten sindikatu eta guraso elkarteen artean eskola kartaren gaineko negoziazioak abiatu ziren joan den astelehenean.

Paueko Ikuskaritza gaur da biltzekoa elkarte eta hautetsiekin. Horren harira, eredu elebiduneko Biga Bai guraso elkarteak aukera baliatu zuen atzo Ikuskaritzari leporatzeko euskararen irakaskuntzaren berezitasuna kontuan hartu ez izana lanpostuen antolaketan. Iragarritako murrizketen ondorioz, «biktima nagusiak» klase elebidunak izango direla salatu zuen.

Ikasle kopuruak behera egin duen «aitzakiarekin», 28 lanpostu galdu eta hogei sortuko dira 2013ko ikasturte hasieran. «Euskararen irakaskuntzan irakasle kopuru berdina izango da, alta, ikasleek gora egingo dutela aurreikusten da», argitu zuen Biga Baik. Gogora ekarri zuen, Euskararen Erakunde Publikoak gela bakoitzeko ikasle kopuruak finkatu zituela, eta euskarari dagokionez, behintzat, lehen mailan gehienez 22 ume, eta ama-eskolan, berriz, 25 gomendatu zuela. Alta, «eskola askotan maila hori gaindituko» litzatekeela azpimarratu zuen guraso elkarteak.

Elkarretaratzea Baionan

Frantses Hezkuntza Ministerioak hartu engaiamendua gogora ekarri zuen: «Kalitatezko irakaskuntza elebiduna sustatzeko eta eskaerari erantzuteko engaiamendua hartu zuen». Eta gaineratu zuen engaiamendu hori ez dela kolokan jarri behar, «aitzakia ekonomikoa dela-medio». Bestalde, Ikas-Bi guraso elkarteak, elkarretaratzea egingo du gaur Baionako ikuskaritzan. Irakasle lanpostu erdi baten sorrera eskatzen duten Baiona, Arrosa, Ortzaize eta Arbonako eskoletako gurasoak bilduko dira bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo