Amable Arias ezezagunenaren marrazki eta pentsamenduak esku-eskura
«Kaosari eta zoriari forma» erakusketak Amable Ariasen alde ezezagunena azaleratzen du. 150 obratik gora jarri dira Koldo Mitxelenan ikusgai, horien artean, «Homenaje a Puigmiquel», «Rollo» edo «Historia de Euskalerria» proiektuak. Sekula publiko egin gabeko kasetetan grabatutako performance poetikoak ere entzun daitezke ekainaren 8ra bitartean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Ezertarako balio ez zuten materialak, zakarretarako zirenak gustatzen zitzaizkion gehien», gogoratu zuen atzo Maru Rizok, Amable Ariasen (Leon, 1927 - Donostia, 1984) bikote izandakoak. Obra horixe da –gutun-azaletan egindako marrazkiak, liburu ertzetako anotazio eta irudiak...– Koldo Mitxelenako liburutegiaren luzapen moduan aurkeztu den erakusketan aurki daitekeena. “Kaosari eta zoriari forma” deitu diote eta Ariasen 1964 eta 1984 bitarteko ibilbidea erakusten du; abilezia artistikoa bakarrik ez, baita bere «pentsamendua eta garai hartako gizarte, politika eta kulturaren egoeraren aurrean hartu zuen jarrera ere», azaldu zuen Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Kultura diputatuak. Gaur taldearen nondik norakoak ezagutu daitezke, esaterako. Hein horretan, argi utzi zuten erakusketa ez dela atzera begirako zehatza, artistaren alderdi ezezagunen berrikuspen bat baizik.
Liburuak mihise bilakatzen zituen Ariasek, eta hori dela-eta, bere liburutegi partikularraren zati bat Koldo Mitxelenaraino ekarri dute; 429 liburu, katalogo eta aldizkari, 2.480 marrazki, ohar eta olerki baino gehiagorekin. Bere autore preziatuak ezagutu daitezke horrela: Adorno, Bahro, Borges, Foucault, Gramsci, Lenin, Marx, Sartre, Trotsky... «Nik erosten nizkion liburuak, berak ez zuen diru askorik, eta beti galdetzen zidan ea margotu zitzakeen», gogoratu zuen Rizok. “Tupamaros” deitu zituen liburuetako marrazkiak eta «artistaren lan sortzaile eta esperimentala modulatu zuten kezken erretratu bat izango balitz bezala irakur daiteke», erantsi zuen Badiolak.
Komisario lanak Fernando Golvanok egin ditu, eta bere esanetan, «lehen bistadizoan irudi dezakeena baino artista konplexu eta poliedrikoago bat berraurkitzeko modua izan da». Ariasen ekoizpen artistiko gehiena diktadurak zirauen bitartean egina da, eta «oraindik bukatu gabe dagoen trantsizio garaian lan introspektiboari ekin zion», gaineratu zuen.
Lan garrantzitsuenen artean, bi azpimarratu zituzten atzo. Lehenengoa, “Historia de Euskalerria”, hil baino hilabete batzuk lehenago bukatu zuena. Imitaziozko larruzko azala eta orrialde zuriak dituen liburua eman zioten Ariasi, eta honek «bere irudizko artea eta bizitza laburtu zituen liburu horretan», azaldu zuten. 155 marrazki eta collage teknika ezberdinak biltzen ditu, baita poesia bisualak, testuak eta konposizioak ere. Bigarren lana, 1980 eta 1981 artean egindako eta joera antimilitarista jasotzen duen “Homenaje a Puigmiquel” da. Lehenengo aldiz erakusten da zaldi paperean tinta beltzez eta teknika mistoarekin egindako 21 marrazkiz osatutako sorta. Erakusketako beste harribitxietako bat “Rollo” izenekoa da, 99 metroko luzerako paperean egindako marrazkiak erakusten dituena.
Artistaren ahotsa entzuteko aukera ere izango da Koldo Mitxelenan. Bere “Poemas fonéticos” (1981) eta “Espacios poéticos” (1981-1982) performance poetiko-soinuzko moduan definitu zituzten atzo erakusketaren arduradunek, «halabeharrak beste esanahi batzuk sartzen dituen pieza horietan ekintza dadaistaren eta absurduaren poetikaren nolabaiteko memoria dago».
Artistari eta bere inguruari buruz gehiago jakin nahi duenak bi mahai-inguru izango ditu. Martxoaren 7an “El grupo Gaur y la trama del arte vasco” izenekoak Oteiza, Basterretxea, Zumeta, Sistiaga, Ruiz Balerdi, Mendiburu eta Chillidarekin batera sortu zuen taldea izango du mintzagai, eta martxoaren 14an, Amable Ariasi buruz arituko dira. Bisita gidatuak eta familientzat tailerrak ere antolatu dituzte. Horretarako, erreserba egin beharko da kmbisitagidatuak@ereiten.com helbidean.