Irati JIMENEZ Idazlea
#Euskara- Jokoan
Lanean eztabaida, behinola. Zer komeni zaie gizarte-sareetan euskaraz zein erdaraz komunikatzen diren bertako enpresei? Bi aukera: kontu bakarrean bi hizkuntzatan aritu edo hizkuntza bakoitzeko kontu bat sortu. Eztabaida gizarte-sareetatik atera daiteke, jakina, eta ez dagokie soilik enpresei. Athleticek 16.000 erabiltzaile ditu Twitterren informazioa euskara hutsean jasotzen. Beste 170.000 zalek nahiago dute pio-pio txio-txio baino. Realean kontu bakarra eta elebiduna 42.000tik gora jarraitzaileentzat: @RealSociedad. Hautu horren aldekoek diotenez, modu horretan normalizatzen da euskara. Erdalduna ohitu dadila zerbait ez ulertzera eta normalizatu, mundu elebidunean bizi dela. #BaduSasoiaAizu.
Arrazoitzeak badu meriturik. Eta arriskurik. Izan ere, espazio elebidunean asimetria alde duenarentzat izaten da partida. Adibidetzat, ZuZeu orainkarian Peru Zaratek azaroan egin zuen froga: 10 tuit bakoitzeko 7tik gora gaztelaniaz botatzen ditu Realak. #GolaEuskarari.
Hori dela-eta, eremu elebakarrak beharrezkoak direlakoan nago. Hitza itsusia bada ere, #GetoariEsker dira direna euskal sorkuntza eta euskara. Interneten ere elkarrizketa elebakarra beharrezko. Eta hala ere... ez dut betiereko getoa nahi. Pozten zait bihotza Radio Euskadin euskara entzutean. #GoraKultura.com! Eta erdaldunei ulertzen ez dutena ere eman behar zaiela uste dut. Enbarazua dela sentitzen badute, hor konpon. Baina, aisialdiari, elkarrizketari, harremanari lotutako tentazio izatea lortuko bagenu... pentsa.
Plazara jo behar horretarako, ostera. Eta plazan jalgitzen denean erraz jaten digute euskara. Horrek egiten du interesgarri eztabaida.