GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako kultur etxeek %13ko gorakada izan dute erabiltzaileei dagokienez 2012an

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako kultur etxeek 1,3 milioi erabiltzaile baino gehiago izan zituzten 2012. urtean. Aurreko urteko datuen aldean, %13ko igoera adierazten du horrek, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara zinegotziak eta Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendariak egindako balantzearen arabera.

Txapartegik ez zuen aukera galdu lortutako emaitzengatik poza adierazteko, eta aipatu zuen Donostia Kulturaren bazkideak %8 gehiago direla. Online eskaintzen dituzten zerbitzu zein deskontuak dira txartelak ematen dituen abantailak.

2012a urte garrantzitsua izan zen hiriburuan, orduan betetzen baitziren zenbait urteurren. Aipagarrienak Victoria Eugenia antzokiaren mendeurrena eta hiru kultur etxeren 25. urteurrena izan ziren. Lehenengoa ospatzeko, zenbait ekintza egin zituzten urtean zehar, eta antzokiari eskainitako webgune berria martxan jarri zuten.

Kulturguneei dagokienez, Larrotxene, Loiola eta Okendo izan dira euren auzoetan 25 urteko zerbitzua bete dutenak. Honek kulturak Donostian duen garrantzia erakusten du, Almirallen iritziz. Izan ere, Donostia Kulturak oso positiboki ikusten du kultur etxe sareak 2012an izan dituen 1.305.323 erabiltzaileen marka, 2011ko datuekin alderatuta igoera adierazgarria.

Kultura herritarrei gerturatzeko 752 ikastaro jarri dira martxan guztira, eta doako hainbat zerbitzu sektorial eskaini dira, hala nola: +55, haur-txokoa, gaztelekua, KZgunea edo ikasketa-aretoak. «Kultur etxeek lortutako milioi erabiltzaile hori da garrantzitsuagoa une puntual batean hiriak bildu dezakeen bisitari kopurua baino», azpimarratu zuen Donostia Kulturako zuzendariak hiriko festa nagusiei erreferentzia egiten.

Ohi bezala Aste Nagusiak jende multzo handia erakarri zuen (846.500 lagun), eta helduen danborrada, inauterietako desfileak edo kaldereroen konpartsek herri partaidetza zabala izan zuten. Hala ere, gehiago baloratzen dute egunez egun lortu diren emaitzak.

Liburuen mailegu gehiago

Liburutegiek ere zenbaki politak lortu dituzte. Erositako liburuen kopurua jaitsi bada ere, %5,79 bisitari gehiago izan zituen liburutegi sareak eta maileguen kopurua %6,80 handitu zen. Honela Europako batez bestekoaren mailan dago Donostia, biztanle bakoitzeko 3,21 mailegurekin.

Victoria Eugenian eskaini diren antzerki emanaldiak (Bilbo eta Gasteizko antzokiekin lankidetzan) eta musika ikuskizunek ere balantze positiboa dute. Berdin gertatzen da Zinema ziklo, mota guztietako jaialdi eta San Telmo museoko erakusketekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo