Estrasburgoko epaia preso batzuentzat beranduegi iritsiko dela dio Calparsorok
Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak adierazi duenez, Madrilgo Gobernuak onartu egin beharko du Estrasburgoko Tribunalaren erabakia, Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina legez kanpokoa dela dioena. Halere, bere ustez, beranduegi izan liteke preso batzuentzat.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak, Juan Calparsorok, atzo Gasteizko Legebiltzarrean nabarmendu zuenez, Madrilgo Gobernuak lehenago edo beranduago onartu egin beharko du Estrasburgoko Tribunalaren erabakia, Auzitegi Goren espainolaren 197/2006 doktrina legez kanpokoa dela dioena.
«Europak ebatzi du doktrina horrek giza eskubideak urratzen dituela, eta Espainiak bete egin beharko du Estrasburgoko epaile guztien adostasuna daukan sententzia», adierazi zuen Calparsorok, EAEko Ganberan Fiskaltza Nagusiaren 2011ko Jardueren Memoria aurkezteko egindako agerraldian.
Gaineratu zuenez, Gorenak ezarritako doktrina bertan behera uzteko erabakia beranduegi iritsiko da preso batzuentzat, Europaren epaiak berak oraingoz ez baitu ekarri doktrina ezarria duten pertsonen askatasuna. Ines del Riok, esaterako, kartzelan segitzen du, Estrasburgoko Tribunalak PPko Gobernuari bestelakoa agindu arren.
Bestalde, presoen Euskal Herriratzeari buruz hitz egin behar dela nabarmendu zuen fiskalak. Berak dioenez, itzulerak Espainiako eta Frantziako agintariek kartzelan atxikitzen dituzten pertsonen «birgizarteratzea» erraztuko luke, eta besteak beste senideek jasan behar duten istripu arriskua arinduko luke.
EAEko tribunalak Auzitegi Nazionalak dituen eskumenak berreskuratu behar dituela esan ondoren, Calparsorok ohartarazi zuen Espainiako Fiskaltzak era «ortodoxo» batean ezartzen duela gaur egungo legeria. Euskal Herriko gatazka politikoarekin zerikusia duten epaiketetan Madrilgo Fiskaltzaren jarrera legea modu «zorrotzean» ezartzea dela ere nabarmendu zuen.
«Estatuko terrorismoa»
Azkenik, Euskal Herrian ETAk eragindako indarkeriaz aparte «Estatuko terrorismoa» ere egon dela aitortu eta tortura kasuak ikertu behar direla ohartarazi zuen. «Atxilotuak torturak pairatzeko arriskua beti dago, eta gu argiak eta zorrotzak izan behar gara salaketak ikertzerakoan, ETAko terrorismoarekin egin dugun bezala», nabarmendu zuen EAEko fiskal nagusiak Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean.
Euskal Herriko zenbait herri eta auzotan presoak gerturatzearen aldeko elkarretaratzeak burutu ziren atzo. Arrotxapean 41 lagun batu ziren, Santurtzin 92, Atarrabian 36, eta Mendillorrin 37 izan ziren.