GARA > Idatzia > Ekonomia

Langabezia %13,1 hazi da Ipar Euskal Herrian, bereziki gazteen artean

Urtebetean langabeziak %13,1 gora egin duela eta enpresa berrien sorrerak behera egin duela adierazten dute atzo Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoari buruz kaleratu zituen datuek. Halere, enpresaburuak baikor azaltzen dira.

p022_f01_666x666.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkariek joan den urteko balantze ekonomikoaren berri eman zuten atzo. Zabaldu zituzten datuek 2008az geroztik ekonomian abiaturiko atzeraldiak bere horretan jarraitu duela ikusarazten dute.

Langabe kopuruak, izan ere, %13,1 gora egin du urtebetean, eta, adinari begiratuz, gorakada hori gehien pairatu dutenak 25 urtetik beherako gazteak dira, %11,6 gehiago izanik. Halaber, elkartasun aktiborako errentaren bidez (RSA) gutxieneko errenta jasotzen dutenen kopurua %1,4 igo da.

Enpresa sorkuntzari dagokionez, 2012. urtean, «zalantzazko egoera ekonomikoaren eraginez», komertzio eta artisau sektoreetan sorrerak %4 behera egin dute. Forma juridiko arinagoa duen autoenpresarien kopuruak, berriz, %40,3 gora egin du. Azkenik, 2012an, hamazazpi enpresa sortu dira teknologia berrien, kirolen eta industria ekologikoaren sektoreetan. Hala eta guztiz ere, soilik 50 enpleguren sorrera ahalbidetu dute.

Enpresaburuak baikor

Datu ekonomikoak krisiaren eraginaren ispilu badira ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako seiehun enpresabururekin egin berri den iritzi inkestak guztiz kontrako datuak azaltzen ditu. Urtarrilean egin zen inkesta, eta horren arabera, enpresaburuen %68k etorkizunari begira «konfiantza» dutela adierazten dute. Baikortasuna bereziki industria eta komertzio sektoreetan agertzen da, orokorrean, ekonomian «itxaronaldia eta zuhurtasuna» nagusitzen bada ere.

Enpresarien iritziak baikorki hartu zituen Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako buruak, halere, «indarrik gabeko garai ekonomiko baten parean» daudela esan zuen. Aeronautika izan ezik, gainerako industriak «sufritzen» ari direla esan zuen. «Krisia ez da egungo egoerari gehiago egokitua den hitza. Gizartea aldaketa sakon baten parean dago, eta ekonomia horri egokitu behar zaio», esan zuen Garretak. Horretarako, bere iritziko, enpresen zerga zamak neurtu, enpresen finkapenerako arauak berrikusi, kalitatea handitu eta berrikuntza sustatu behar dira.

Halere, etorkizunari begira, Merkataritza eta Industria Ganberako burua itxaropentsu agertu zen. Besteak beste, Beltrame burdingintza enpresaren kokapena eta sortu dituen ehun lanpostu berriak goraipatu zituen.

Elkarteen jarrera

Andre Garretak ingurumen arloan ari diren elkarteen jarrera salatu zuen, enpresen kokapena oztopatzen dutelako. Hiru urtean 1.320 lanpostu galdu izana leporatu zien elkarteei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo