Berezkoen Binakakoa
Waltari eta Ezkurra kantxan direla abiatuko da lehiaketa
Sarako Pleka trinketean jokatuko dira lehen bi norgehiagokak. 17.00etatik aurrera izango da jaialdia.
Jon LEUNDA
Waltari eta Ezkurra, amaitu berri den Buruz Buruko Txapelketako bi onenak, jokoan direla abiatuko da gaur Binakako Txapelketa. Kubakoa eta Urruñakoa gaur 17.00etatik aurrera Saran izango den jaialdian arituko dira, baina ez dira elkarren aurka arituko ez gaur, ez eta lehen fasean ere, multzo ezberdinetan arituko baitira.
Jaialdia B multzoko norgehiagokarekin abiatuko da. Bielle eta Ezkurra Laurent Lanberten eta Bonebeltxen aurka neurtuko dira. Txapelketa batean irabaziz hastea beti izaten da oso garrantzitsua, baina multzo honetan are handiagoa izango du; izan ere, multzo honetan azkeneko bi postuetan geratzen diren bikoteak txapelketatik at geratuko dira. Lehen biek, berriz, final-laurdenak jokatuko dituzte. Beraz, lehen puntua lortzen duenak aurrera begira urrats garrantzitsua egingo du.
Bielle eta Ezkurra dira garaipena eskuratzeko faboritoak. Paxkalek Buruz Buruko finala jokatuko du, eta oso sasoi onean dago. Lehengo Ezkurra ikusten hasi gara berriro ere, eta hori oso garrantzitsua da.
A multzoa
Ondoren, A multzoko partida jokatuko da. Bertan, Waltari eta Harizmendik Larretxearen eta Ximun Lanberten aurka jokatuko dute. Multzo hau ustez bestea baino indartsuagoa da, eta horregatik beste eskubide batzuk eman dizkiote bertako bikoteei. Hasteko, aurreneko biak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta azken biek, berriz, final-laurdenak jokatuko dituzte. Bestean ez bezala, hemen ez da inor kanpoan geratuko, eta lasaitasun horrekin jokatuko dute multzo honetan.
Waltari eta Harizmendi dira gaurko partida irabazteko faboritoak, baita txapela lortzeko ere. Beraien benetako maila neurtzen hasteko era polita izango da gaurko partida. Larretxeak eta Lanbertek galtzeko ezer ez dute eta.