Floren Aoiz | www.elomendia.com
Frantzisko I.a: alfil berria inperioaren xake jokoan
Oraingoan, Ameriketan inperioak aurrean daukan erronka nagusia indartzen ari den honetan, argentinar bat aukeratu dute
Dagoeneko badakigu Eliza katolikoaren buruak ez direla «sainduak», aita ote diren zalantzan jartzeko arrazoi aunitz ditugularik. Edonola ere, badakigu Eliza pederasta, bortxatzaile eta erasotzaile askoren aterpe erraldoia dela. Ez da harritzekoa, Elizaren ibilbide kriminala ezagututa. Injustizia, tortura, zapalkuntza, diskriminazioa, ondareen metaketa, lapurreta, pentsamenduaren jazarpena, autoritarismoa, ustelkeria...
Gaur egun, aspaldiko garaietara edota urrutira jo gabe, eskandalagarria da espainiar legeak lagun, garatzen ari diren ondare publikoen lapurreta, eraikin eta bestelakoen jabetza berenganatuz. Bahitutako haurren aferan, dakigunez, Elizaren seme-alaba sainduen eskutzarrak agertzen zaizkigu, halaber. Ezin dira 1936ko estatu kolpe faxista eta ondotiko diktadura eta sarraskiak ulertu elizaren jokaera protagonikoa aintzat hartu gabe. Elizak pozik asko babestu zuen diktaduratik sasidemokraziara egindako trantsizio ustela. Finean, zuriketa operazioa haien konplizitate eta krimenak ezkutatzeko saioa ere bazen.
Espainiar diktaduratik beste askotara joan gaitezke Elizaren arrastoen bila. Argentinara, esaterako. Izan ere, Aita Saindu berria du Eliza katolikoak, nor eta argentinar bat. Propaganda tresneria abian jarri da, erabakia goraipatzeko, jakina. Behingoz, amerikar bat: elizak «hirugarren mundua» hartu du aintzat!
Alde batera utziko dugu gaurkoan espainiar inperioaren aldeko lanetan Iruñea bonbardatzen ari zela zauritutako Loiolako Inazioren sektako kide izana. Espainiar erasotzaileen kontra oldartutakoen punteriaz zeozer esanen nuke gustura, baina orain ez dut horretaz mintzatu nahi.
Inperioa aipatuko dut, berriz. Eliza eta inperioa, beti elkarren ondoan, beti eskuetatik elkarri lotuta. Elizak egoitza nagusia, non eta Erroman jarri zuen, inperioaren ikur hiriburuan.
Elizak, oraingoan ere, inperioaren alde jo du, besterik sinetsarazi nahi badigute ere. Garai batean, inperioaren erronka nagusia Sobietar Batasuna eta bere inguruko blokea ahultzea eta suntsitzea zelarik, poloniar bat hautatu zuten Aita Saindu. Oraingoan, Ameriketan inperioak aurrean daukan erronka nagusia indartzen ari den honetan, argentinar bat aukeratu dute.
Eta ez edozein argentinar, jakina. Non zegoen gure gizona Argentinako diktaduraren garaian? Ez diktaduraren biktimekin, hori argi dago. Diktaduratik antifaxistengandik baino askoz ere hurbilago zegoen, batzuen arabera, hainbat krimen zehatzekin nahasi zen gizon saindua.
Ederki gaude, beraz. Ergelkeria propagandistikoen atzetik, berrikuntza mezu zurien gibelean, inperioa babesteko asmoa besterik ez dago. Kichnertarren kontrako gizon ausarta dela aipatzen digute. Ohiko kaikukeriak errepikatzen dizkigute, aitzakia baliatuz, argentinar agintariak populista megalomano eta ustelak dira eta aita saindu izendatutakoak aurre egin zien. Gertatzen da, alta, inperioak populista megalomano ustel eta zapaltzaile guziak babestu eta babesten dituela. Eliza katolikoak, inperioaren onerako, amerikar atzerakoi bat aukeratu du, amerikar aurrerakoiei aurre egiteko.