Oier Eizmendi, Garazi Urrestarazu, Kirio Gastearena | Leitza, Altsasu eta Atarrabiako alkateak, hurrenez hurren
Elkartasuna ez da delitua
Gaurkoan, terrorismoa goratzeko balizko delitu batengatik, Atarrabiako alkatea Auzitegi Nazionalera doa inputatu gisa deklaratzera. Oraingoan, Atarrabiako jaietan egin zen euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldi batean parte hartu izanagatik alkatearen eta hainbat herritarren aurkako jazarpenaren aurrean gaude. Hala ere, aurretik Leitzako eta Altsasuko alkateek eta hainbat herritarrek egoera berbera nozitu behar izan genuen: kriminalizazio kanpaina lotsagarria, inputazioa eta, azkenik, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan behar izatea.
Jazarpen politika honen atzean UPNren gobernuaren parte hartze zuzena nabarmendu da beti, beraiek izan baitira sorgin ehiza honen sustatzaile nagusiak, beraien miserien, eskandaluzko dieten eta korruptelen aurrean arreta desbideratzeko intentzionalitate garbiarekin.
Garai berriak bizi ditugu gure herrietan zein Nafarroan, ate zaharrak bide berriei ireki zaizkie. Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko bidean, Aieteko Hitzarmenean sinatutako eskakizunetatik abiatuta, azken bolada luzean aurrerapauso nabarmenak eman izan dituzte hainbat eragilek; eta honek, aldaketarako eta konponbiderako itxaropenak areagotu dituelarik. Baina, bestalde, herritarren aurkako erasoek ez dute etenik.
Azken bi urteotan areagotu egin dute gure herrietako biztanleen aurkako erasoaldia, eta gehienetan presoenganako elkartasuna kriminalizatzea izan dute xede. Izan ere, euskal herritar gehienok eskatzen dugun ekimen baikorretara eta eraikitzaileetara egokitu ordez, antzinako formula okerrekin erantzun baitute. Erasoaldi hauen guztien helburua hirukoitza da: herri honen izaera deuseztatzea, presoenganako elkartasuna kriminalizatzea eta Euskal Herrian aldatzen ari den egoera politikoan eragitea, blokeo egoera irudikatuz. Baina argi izan dezatela beraien helburua ez dutela lortuko, gure herri izaeraz harro gau- delako, elkartasuna ez delako delitua eta egoera berri honek konponbidera eramanen gaituelako, beraiek bultzatu nahi gaituzten etsipenean erori gabe.
Testuinguru honetan, presoen eskubideen defentsa inoiz baino ozenago aldarrikatu behar dela berretsi nahi dugu eta horretarako, euskal herritar guztiak presoen eskubideen defentsan antolatzen diren ekimen guztietan parte aktibo izan daitezela animatu nahi ditugu. Guk, hautetsiak garen heinean, konpromiso horri eutsiko diogu, elkartasuna ez baita delitua!