Siriako gatazkaren amaigabeko militarizazioa
Bi urte joan dira Siriako gatazka lehertu zenetik. Hastapenetan «errebolta» gisa aurkeztu zen, Arabiar Udaberriko beste «iraultza» baten berria zabaldu zen baina, egun, gerra zibil eta sektariotik gehiago du eta eskualde mailako gerra irekia bilakatzeko arriskua oso handia da. 70.000 siriar hil dira dagoeneko, milioi batetik gora dira errefuxiatuak, herrialdeko hiri nagusi eta azpiegitura asko xehatuta daude eta odolusteari akabera emango dion konponbide politikorik ez da ageri etorkizun hurbilean. Ez aurrera ez atzera trabatutako gatazka odoltsu batean kateatu da, ez batzuek ez besteek militarki irabazterik ez dutena, eta zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa da katastrofe humanitarioa, eskualde mailako gerra handi bat lehertzeko aukera.
Gauzak horrela, gatazkaren militarizazioa azken muturreraino eramatea erabaki dute Estatu frantsesak eta Britainia Handiak. Europa mailako arma-blokeoa bertan behera uzten ez bada ere, oposizioa armatuko dutela esan baitute. Armak, baina, ez dira falta Sirian. Tankeen eta hegazkinen aurkako misilak emateak indarren balantza beren aldera ekarriko lukeela diote hainbat analistak. Eta «bizitzak salbatzeko» neurria den erretolika bolo-bolo dabil. Erregimen aldaketaren egarri dira, baina. Bitartean, interes horien guztien erdian atrapatuta, isilik, laguntza eta soluzio bat eskatzen dute siriarrek.