GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizen hiru haur eskola itxi nahi dituztela ohartarazi dute sindikatuek

Salburua eta Zabalgana auzoetan bizi diren 2 urteko 110 umek gertuko eremuan eskola plazarik ez dutela izango salatu zuten ELA, STEE-EILASek eta zenbait gizarte mugimenduk. Arabako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren artean banatu dute erabakiaren ardura.

GARA |

STEE-EILAS eta ELA sindikatuek, beste gizarte eragile batzuekin batera, Haurreskolen Partzuergo Zuzendaritzak Gasteizen hiru haur eskola ixteko asmoa duela salatu, eta erabakia atzera botatzeko eskaera egin zuten atzo. Itxiera gertatuz gero, Salburua eta Zabalganako 2 urteko 110 ume eskola-plazarik gabe geratuko lirateke euren eremuko ikastetxe publikoetan.

STEE-EILASen aburuz, bi dira egoera hori azal dezaketen arrazoiak. Batetik, «Arabako Lurraldeko ordezkaria izan den Marian Jaureguik eskaintza publikoaz egin zuen planifikazioa kaskarra». Beste aukerak aurreko Lakuako Gobernuari eragiten dio zuzenean eta bereziki, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari. «Hezkuntza Sailak azpiegituren arloan ezarritako murrizketa politika izan daiteke egoera eragin duena. Aurreko Gobernuak plan hori bertan behera utzi zuen, inbertsioak %45 jaitsiz», sindikatuak adierazi zuenez.

Murrizketa horiek dira, STEE-EILASen iritziz, gaurko arazoen sorburu, eta ondorioak urte askoan pairatuko ditugu, «ikastetxe bat ez delako gauetik goizera egiten». Zabalganaren kasuan, kasurik onenean, 2015-2016 ikasturte erdira arte ez litzateke obra bukatuko, eta Salburuaren kasuan, horiek ez dira oraindik hasi.

Hezkuntza sindikatuko kideak asaldatuta agertu ziren erabakiaren aurrean: «Ez dugu onartzen haurrak hurbileko auzoetan eskolatzeko aukera. Ez da egokia, hezkuntza sisteman sartzen diren ikasle hauek eskola ibilbide osoa beren zonaldetik kanpo egin beharko dutelako».

ELA, datu gehiago emanez

ELA sindikatuak ere prentsa-oharra atera zuen, ezezagunak ziren zenbait datu gaineratuz. Adierazi zuenez, Almudena Cid, Txirrinbil eta Virgen Blanca haur eskolak ixteko asmoa martxoaren 11n adierazi zion Haurreskola Partzuergoak sindikatuari.

Bilera horretan eman ziren arrazoien artean, haur eskolek «dekretua» betetzen ez zutela izan zen lehendabizikoa. Alta, ELAk adierazi zuenez, bestelako arrazoia gaineratu zuen Partzuergoak gerora: Gasteizen 125 plaza libre zeudela eta zenbait haur eskola indartu nahi zituztela. Erabaki hori guztiz ulergaitza da, ELAren iritziz.

Sindikatu abertzaleak gogor kritikatu zuen erabakia «murrizketa bat gehiago» delako, eta bere esanetan, Partzuergoa informazioa ezkutatzen ari delako. Era berean, Lakuako Hezkuntza Saila eta Gasteizko Udal Gobernua «gezurretan» ari direla gaineratu zuten, erabakiak ezkutuan hartu dituztelako.

UMEAK BIDERAtzen

ELA sindikatuak jakinarazi zuenez, Haurreskolen Partzuergoak Gasteizko beste haur eskola batzuetan 125 plaza libre zeudela adierazi zion eta horiek indartu nahi dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo