Iñaki Epelde, eskatu gabe eman zuen artista erabatekoa
Iñaki Epelde margolari tolosarra atzo hil zen 55 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz. Gertutik ezagutu zutenek bere tenplea eta prestutasuna nabarmendu zuten. Azken urteetan Praileaitzen Lagunak elkartean aritu da buru-belarri. Gaur emango diote azken agurra Tolosako hilerrian, 13.00ean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Zalapartarik atera gabe, beti lanerako eta laguntzeko prest zegoela nabarmendu zuten atzo Iñaki Epelderen lagunek, pentsamendu askekoa, bere bidea egin zuena. 1958an Tolosan jaioa, minbiziak gainditu egin du azkenean eta atzo zendu zen 55 urterekin.
Margolari moduan egindako lanengatik egin zen ezagun Iñaki Epelde, baina dokumentaletan, irakasle lanetan, inauterietako karrozetan eta herriko mila kontutan ere hartu zuen parte. Tolosako Plaza Berrian dagoen kioskoko sabaia ere Epeldek margotua da. Azken urteetan ETBn ari zen lanean, dekoratuen eta atrezzoen prestaketan. «Galtzaundi» aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta Eskolapioetako ikasle garaian «Triangulo» aldizkaria ere abiatu zuen.
Tolosako kultur etxean haur mordoa pasa ziren Jose Luis Longaronekin batera ematen zituen pintura eskoletatik. Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen eta kartelgintzan eta eskulturan ere aritu izan zen.
Duela 25 bat urte, Tolosako Euskal Herria plazako arkupeetako sabaiak elkarrekin margotu zituztenetik lagun min zuen Koldobika Jauregi. Jose Luis Longaron eta Jose Maria Hernandezek ere hartu zuten parte margolan kolorista eta abstraktu honetan. «Bera ezagutzen nuen lehenagotik, eskultura topaketa batzuk egiten zituen Tolosan eta Gipuzkoa osotik eskultore asko joaten ginen», azaldu zion Jauregik atzo GARAri. «Orduz geroztik, ia ostegunero elkarrekin afaltzen genuen. Astelehen honetan ere elkarrekin geunden», gogoratu zuen.
Sekulako «tenplea» zuela azpimarratu zuen Jauregi artista eta lagunak. «Hainbeste urtean behin bakarrik ikusi nuen haserre, behin», esan zuen. «Pentsamendu askekoa zen. Horietako gutxi dago Euskal Herrian zoritxarrez. Amorruari eta jenioari eusten zekien horietakoa zen. Ez zuen jotzen ez alde batera ez bestera. Bere bidea egiten zuen eta bere margoan ere berezitasun hori azaltzen da. Hor dago bere lana, gutxi baloratua, zenbait kasutan modatik kanpo zebilelako».
Elkarte bat ere sortu zuten elkarrekin, Urmara, eta Alkizan dago gauzatua aire libreko museo batean. «Iaz maiatzean abiadura eman genion espazio honi. Bera gaixo zegoen ordurako, eta azken aldia izan zen pixka bat jendearen aurrean azaldu zena».
Mendikotan azken erakusketa
Epelderen azken erakusketa Zuberoan izan zen iazko irailean, Mendikotako Algareki kultur gunean, bere anaia Patxi eskultorearekin batera. Erakusketa horren harira, Kanaldude atariak egindako erreportaje batean anaiak gogoratzen du nola hasi ziren biak margotzen oso umetatik. «Harreman handia eduki dugu beti filosofian, pentsamenduan, beti nahiko gertu gabiltza, baita gure lanetan tematika aldetik ere. Iñakik lan asko egin du, buru-belarri jarraitu du pinturan eta marrazketan».
Iñaki Epelderen lana, «arrazoiarentzako baino, bihotzarentzako» egina dela esan zuen Patxik. «Emozioekin jokatzen du asko eta beti bere filosofia, bere emozioak plazaratzen saiatzen da. Bere iturria aspaldiko pintura primitiboan dago, pintura paleolitikoan, batzuetan ikus daiteke zerbait japoniarra, grafia oso irekia dauka, oso sueltoa».
Migel Zeberio orkestra zuzendariak ere sarritan bat egin zuen Epelderekin proiektu ezberdinetan. «Lagun minak ginen eta, horretaz gain, nire proiektu nagusienetan beti bera presente egon da, bera margolari bezala eta ni musikari bezala», azaldu zuen atzo.
Batetik, «bere aportazio plastikoarekin, beti zeukan soluzio bat edozein gauzatarako eta, gainera, tamalez, gu beti ibiltzen garen bezala, zero aurrekonturekin. Horretaz gain, oso interesgarria zen bere aportazio filosofikoa. Bere aportazioa ikaragarria izan da beti, bere formazio kulturala, historikoa, filosofikoa... ».
Proiektu horietako bat «Karlistadaren kronika» dokumentala izan zen, Joxemari Tudurik zuzendu zuena. «Kuriosoa izan zen, dirua zegoenean filmatzen baitzen eta lau urte iraun zuen filmazioak. Ni argazkilari laguntzaile bezala ibili nintzen, baita musikarekin ere», gogoratu zuen Zeberiok. Jauregiren esanetan, «Iñakik lortzen zituen materialak, ezkutuak egin, kapak... Denetarik egiten zuen». Juantxo Zeberiorekin ere aritu zen, Harkaitz Canok idatzitako ikuskizun bat taularatzeko dekoratuak ezerezetik sortuz.
Praileaitzen defentsan
Azken urteetan Euskal Herriko ondarearen defentsan paper garrantzitsua izan zuen Epeldek, Praileaitz kobarenean batez ere. «Kobaren eskubideen defentsan hasieratik inplikatu zen. Oso pertsona balekoa eta estrukturatua zen», aitortu zuen atzo Xabier Peñalver kobako indusketen zuzendariak.
Xabi Oterok ere hasieratik parte hartu izan du Praileaitzen defentsan. «Koldobika eta Iñaki azaldu ziren Praileaitzen inguruan jakin-minez eta egun horretan bertan Praileaitzen Lagunak elkartea sortu genuen», oroitu zuen. Aipatutako hirurez gain, Maite Marco, Peio Urtasun, Nekane Oiarbide, Fernando Larruquert, Fito Rodriguez, Beatriz Etxeberria eta Xabier Morrasen artean sortu zuten eta 2007ko urtarrilean ekin zioten lanari. «Iñaki taldeko zentzudunena zen», esan zuen Oterok. «Gauza oso ona zuen bileretarako, sekulako esaldiak egiten zituen guztia sintetizatuz, transmititu nahi genuen mezua laburbilduz. Zuhurtasuna zen bera».
Gasteizko Parlamentuko Kultura batzorderen batean ere tokatu zitzaion Epelderi Praileaitzen defentsa egitea, Oterorekin batera.
Tolosako Euskal Herria plazako arkupeetako sabaiak marraztu zituen Koldobika Jauregi, Jose Luis Longaron eta Jose Maria Hernandezekin batera. Plaza Berrian dagoen kioskoaren sabaia ere berak margotu zuen.
2006an Donostiako Ekain galerian «Oihartzunak» erakusketa aurkeztu zuen. 2007an, Nestor Basterretxearekin bat egin zuen, Tolosako Ekinbidearen Etxearen 40. urteurrena ospatzeko Aranburu jauregian egindako erakusketan.
Xabi Otero, Koldobika Jauregi, Maite Marco, Peio Urtasun, Nekane Oiarbide, Fernando Larruquert, Fito Rodriguez, Beatriz Etxeberria eta Xabier Morrasekin batera, Iñaki Epeldek Praileaitzen Lagunak elkartea sortu zuen.