Oskar Estangaren erritmora kantatu beharko dituzte bertsoak bere lagunek
A. ARRUTI | DONOSTIA
Oskar Estanga bertsolaria da eta baita musikaria ere. Bere bi zaletasunak uztartu eta «Bat-batean» ikuskizuna sortu du Lankuren laguntzaz, inprobisazioa eta erritmo aniztasuna oinarri izango dituena. Horretarako, Euskal Herriko koplen doinuez gain, mundu zabaleko kultura ezberdinetakoak hartu ditu, horien erritmora bertsoak sortzeko. «Entzule bati errazago iritsiko zaio modu honetan bertsoa», esan zuen Estangak.
Binaka osatuko dute emanaldia. Erritmo grabatuen gainean, Oskarrek gitarra jo eta inprobisatu egingo du kantuan. Bere alboan bertsotan aritzeko, hainbat lagun «harrapatu» ditu: Migel Mari Elosegi «Luze», Aimar Karrika, Jon Martin eta Etxahun Lekue. Dagoeneko ohiko bihurtzen ari diren «Guantanamera», «Volando voy» edo «No woman no cry» doinuak izango dira tartean eta eszenifikatzerako orduan ere aldaketa proposatzen dute. Hasteko, bertsolarien ohiko moldea mikrofono inalanbrikoekin apurtuko dute.
«Bertsolaritzak lege batzuk ditu baina musikatua denean erritmoa bihurtzen da lege nagusi», esan zuen Jon Martinek. «Musikarik gabe isiluneei eusten errazagoa da, kasu honetan ordea tokatzen denean hasi egin behar da kantuan». Luzeren esanetan, «batzutan erritmo biziak tokatzen dira eta horrek egurra sartzea exijitzen dizu, erne egotea».
Dagoeneko pare bat emanaldi egin ditu Luzerekin eta laguna txandatuz ibiliko da herriz herri. Hilaren 22an Gallartako Argia jatetxean izango da Martinekin (22.00). Apirilaren 13an Karrika izango du lagun Iruñeko La hormiga atomican, 20.00etan. Maiatzaren 23an, Bilboko Santutxuko Begoña auzo etxean, 19.00etan hasiko da emanaldia, Lekuerekin batera.