GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Familiaren parte (I)


Margaret Atwoodekin batera, Kanadako gaur egungo idazlerik garrantzitsuena da Michael Ondaatje (Sri Lanka, 1943). Booker saria jaso eta, gerora, zinemara egokitua izan zen «The English patient» (1992) nobelari zor dio, hein batean, Ameriketako mugetatik kanpo izan duen arrakasta. Ondaatje idazle «amerikanizatua» dela esan izan dute zenbaitek. Sri Lankan jaio eta Kanadan bizi izateko, kultura popularrari garrantzi handiegia ematea aurpegiratu diote, alde batera utziz bestelako gaiak, arraza esaterako. Baliteke hori egia izatea bere lehen lanei dagokienez, «The collected works of Billy the Kid» (1981) besteak beste, baina 1980ko hamarkadatik aurrera Ondaatjek jatorri kontuekiko, baita arraza zein migrazio politikekiko ere, kezka handiagoa agertu du. «Running in the family» (1983) nobelan egileak Amerika alde batera utzi eta Sri Lankara jotzen du, bere gertuko zein urruneko familia kideen historian arakatzeko. «In the skin of the lion»-ek (1987), berriz, XIX. mende hasieran Torontoren (Kanada) sorreran parte hartu zuten baina historia liburuetan inoiz azaldu ez diren etorkin eta gutxiengo etnikoen istorioak biltzen ditu. Funtsean, soinean eraman ohi diren maskaren, nortasunaren bilakaera eta egokitzapenaren gaineko nobela da «In the skin of the lion. The English patient» (1992) lanean ere zeharka heltzen die gai horiei. Lehen Mundu Gerran giroturiko istorio horri buruz Ondaatjek adierazi du «toki batean jaio baina beste leku batean bizitzeagatik jatorri zentzua galdu duen jendea» duela protagonista. «Anil's ghost» (2000) nobelan, berriz, Hego Asiako gerra zibilean eta hark eragindako traumetan sakontzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo