Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Kategoriako aurkariak
Egunotan Iruñean eta Bilbon ospatu den Foro Sozialaren harira, Christine Bell eta Kieran McEvoy irakasle irlandarrei elkarrizketa egiteko aukera izan dut. Beraiekin berbetan egon ostean, eta foroak utzitako hausnarketak irakurtzean, behin baino gehiagotan izandako sentsazio bera etorri zait gainera: gurean, antzeko gatazka politikoak pairatu edo pairatzen dituzten beste herrialdetan dagoen maila falta da. Ezta- baida politiko eta intelektualari dagokionean, urrun, eskas, ikusten dut hemengo panorama.
Duela ia sei urte Hegoafrikan egoteko parada izan nuen, orduan Lakuako Justizia sailburu zen Joseba Azkarragarekin. Bertan, besteren artean, apartheid garaiko Defentsa ministro Roelf Meyerrekin, orduan hain ezaguna ez zen Brian Currinekin eta Nelson Mandelaren ANC alderdiko hainbat kiderekin izan ginen solasean. Eta erabat hunkitu ninduten denen hitzek, beren esperientziak eta, batez ere, haien diskurtsoaren seriotasun eta sendotasunak. Estatu gizon eta emakumeak iruditu zitzaizkidan guztiak, kategoriakoak.
Antzeko zerbait gertatzen zait Ipar Irlandara joan eta politikaz hitz egiteko aukera izaten dudanean, eta inoiz ez dut ahaztuko Westminsterren, Ipar Irlandako buruzagi unionista Jeffrey Donaldsonek emandako hitzaldia. Euskal Herriari buruzko saioa zuten britainiar Parlamentuan, hantxe zeuden Euskal Herriko eta Estatu espainoleko hainbat ordezkari, eta urte luzez Ipar Irlandako errepublikazaleen arerio amorratua izandakoak arerioen arteko elkarrizketaren aldeko defentsa sutsua egin zuen, ordezkari espainola zur eta lur utzita. Txalo zaparrada jaso zuen Donaldsonek bere kideen aldetik. Lotsak eta lekuak eskatzen zuen errespetuak eragotzi zuten nik ere txalo egitea.
Eta hemen, aldiz, zer daukagu? Gasteizko Parlamentuan ostegunean izandako espektakulu negargarriak galderari erantzuten dio. Basagoitiren edozein agerraldik bezala. Zer esan Gobernu espainoleko ordezkari Carlos Urquijori buruz, «El Mundo» eta «La Razon» irakurri eta kereilak jartzea baino ez badaki. Barne ministro espainolari inoiz entzun al diozue? Horiekin eta enparauekin nola eztabaidatu, zeren gainean hitzartu?
Jakin badakit epe ertainera beraien kalterako izango dela, partida tamalgarri hau ez duela indarrak erabakiko, adimenak baizik, eta karta hori gure aldekoa dela. Baina momentuz, helmugara heldu bitartean, asaldagarriak dira. Kategoriako aurka- riak nahiko nituzke, otoi.