Jakes Goikoetxea 2013/3/13
Zenbakien ardura
berria
Deigarriak dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak (...) zenbaki horiek zuritzeko erabilitako hitzak ere. Oposizioko alderdiei «errealistak» izateko, arduraz jokatzeko eta aurrekontuen proiektua onartzeko eskatu die, EAJk oposizioan alderdiaren interesak lehenetsi dituenean -Jaurlaritza berreskuratzea-, interes orokorraren gainetik. Aurrekontuak «sozialak» direla esan du, gizarte gastuak 700 milioi eurotik gora murriztu eta gero. Aurrekontuen proiektua «beharrezkoa, saihestezina eta alternatibarik gabea» dela dio oparoaldian porlanetan inbertitzea ere beharrezkoa eta saihestezina zela zioenak. Aurrekontu proiektuarekin «Euskadiren etorkizuna» bermatzen ari direla dio historiako murrizketa handiena aplikatu nahi duenak. Eta Jaurlaritzan edozein egonda ere diru kopuru hori izango zukeela ohartarazi du diru kopuru hori handitzeko neurriak saihestu eta oztopatu dituenak. Egoera halabeharraren ondorio dela erakutsi nahi du erantzule ere badenak.