GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi 2013/3/13

Pornografia

Deia

Pasa den astean aspaldian ikusi dudan artikulu (elkarrizketa) pornografikoena irakurri dut gure hiri eta herrietan asko saltzen den egunkari ezagun batean, eta ez zen prostituzioari buruzko orrialdeetan izan, ekonomiari buruzkoetan baizik. Artikuluarekin zetorren argazkia ez zen oso pornografikoa, egia esan, ohe bat agertzen bazen ere, eta ohe gainean gizon gazte itxuroso bat etzanda, jantzita, hori bai. Gizonak Miguel R. Forbes du grazia (bai nostalgikoak esamolde zahar horiek!), Forbes aldizkari ospetsuaren arduradunetako bat, fundatzailearen biloba, hain zuzen ere. Gauza da aldizkariak Espainian aterako duela edizio berri bat «krisia parada ezin hobea delako negozioetan sartuta dauden pertsonentzat» Forbes jaunak esaten duen bezala elkarrizketan.

(...) Forbes jaunaren gomendioa da ez dugula axalkeriatan gelditu behar, pertsona horien ekimenei begiratu behar diegula konturatzeko gehienak hutsetik hasi zirela, eta horrekin demostratzen dela (logikaren mirariak) edozein izan daitekeela aberats. Azken finean hori da nagusitzen ari den ideologiaren oinarria: pertsonak ez dira aberatsak, edo pobreak dira, funtsean horixe bera nahi dutelako, ez dutelako esfortzu nahikorik egin, ez direlako benetan saiatu, ahalegin gutxi egin dutelako. Beraz normala da pobrea bere buruaz lotsatzea, normala da etxe barik galdituko dena bere buruaz lotsatu eta beste egitea inori ezer esan gabe. Horren kontrako erremedioa modako hitza da: «emprender».

Pornografia ez da horretan bukatzen: zerrendan dauden askori ez zaie merezi duten errekonozimendua aitorzen Forbes jaunaren arabera, sortzaileak dira, ekintzaileak, guztien eredu, baina gure miresmena falta zaie. Badirudi aberatsa izatea ez dela nahikoa, aberatsek negar egiten dute gure maitasuna ez dutelako; (...).

Prostituzio orrialdeetan prestutasun gehiago dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo