GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jexux Oiartzabal Urola Kosta eskualdeko GEBEko ordezkaria

Bildu, ekologistak eta Landa Garapena

Bilduk aukeratu duen Mendietako zuzendaria ezin egokiagoa izan da gaiarekiko ezagutza, eskarmentua eta inguru honekiko duen loturari dagokionez

Otsailak 25, 26 eta 27an zenbait hedabidetan iritzi artikulu bat argitaratu eta aldarrikapen ekitaldi baten berri jaso da. Bertan, «Natur Taldea» izenpean 16 talde ekologistek Gipuzkoako Bilduren basogintza politikarekiko desadostasuna kaleratzen dute, urte eta erdiko gobernu jardunaren ondoren sentitu duten atsekabea azalduz. Aitziber Sarobe biologoaren iritzi artikuluak, gaur egungo Mendietako zuzendariari erasotzen dio: birlandaketak, men- di-garbiketak eta oro har basoen zainketa lanak egiten dituen enpresa batetik etorri izana gaitzesten du.

Bada denbora puska bat, 2.400 bazkide baino gehiago dituen (GEBE) Gipuzkoako Baso Elkartean Urola Kosta eskualdeko ordezkaria naizela. Matxinbentako baserri batean bizi naiz eta Julian Unanue, gaur egungo Mendietako zuzendaria ezagutzen dut, beste arrazoien artean, bere baserria ere Azpeitian dagoelako.

Harrituta nago, ingurumen talde hauek hedabideetan duten oihartzunarekin; baita Landa Garapeneko Departamentuko arduradunentzat derrigorrezko irizpide-emaile izateko duten borondatearekin, basogintzarako dirulaguntzak banatzeko orduan, adibidez. Natur Taldeko elkarteei buruz ezagutzen dudana da, natur zaletasunak elkartzen dituen pertsonak direla, asteburuetan mendi ibilaldiak, erakustaldi edo hainbat gai jorratuz hitzaldiak antolatzen dituztela. Astean zehar, orokorrean euren bizimoduak industria, administrazio, eta abarretik ateratzen dituzte.

Deigarria da gutxienean, 16 talderen izenean mintzatzea euren baitan dituzten pertsona kopuruaz deus esan gabe; demokrazia sistema batean oinarrizko kontua izaki. Aldarrikapen ekitaldiko argazkira zuzenduz gero, uste dut sei pertsona ikusi nituela.

Nioen bezala, talde hauek Bilduko gobernu taldearen eskutik aldaketak espero zituzten. Ziurta dezaket landa eremuan bizi garenok ere baietz. Aurreko taldea, EAJren eskuetan, eta «mendiz mendi, mendez mende» zigilupean, landa inguruan garapen urbanoa egitera mugatu zen: Ibilbideak, Parketxe sarea, eta Life proiektuak (3 milioi euro mehatxatuta dauden bi intsekturen babes eta ikerketara bideratuak) izan ziren beraien ikurrak.

Eusko Jaurlaritzak, PSOEren eskuetan, Gipuzkoako landa eremuko biztanleen beharren gainetik pasatuz, Natur Sarea 2000 garatzen xahutu zituen bere indarrak. Gipuzkoan bakarrik, Europako legislazioaren esku utzi ditu 41.306 hektarea (hau, Lurralde osoko azaleraren %20 da) zeinetatik %40,37 partikularrak diren. Hori burujabetasun ukazioa da; oraindik lortu ez dugunean. Europako Komunitateko aholkuak ere gainetik pasatuz planifikatu du eremu guzti hori, Baso Kudeaketa Jasangarria definiziotik eduki «ekonomiko eta sozialak» ezabatu eta eduki ekologikoekin bakar-bakarrik gelditu dira. Eremu hauen finantzaketarako, Landa Garapenerako baliabideak erabiltzea proposatzen dute. Alegia, Natur Taldea elkarteekin bat, landa eremutik finantzatzea proposatzen dute hiritik ulertutako naturaren kontserbazioa.

Aitziber Sarobe biologoak egungo Mendietako zuzendariari buruz idatzitakoari dagokionez, eta bere helburua mendiko lanean eta lanetik bizi delako gutxiestea izanik, aurreko guztia berresten da. Julian Unanue aspaldiko urteetan ezagutzeko ohorea izan dudan pertsona gisa esango nioke, besteak beste, EHNE baserritarren sindikatuan lan ugari egin eta baserri askotako bideen hobekuntza lanak gidatu dituela; eta Urola Kostako Mendi Nekazaritza Elkarteko gerente zela aldaketa politikoengatik ordezkatua izan zen arte. Eta hortik aurrera, politika munduan poltrona bila saiatzetik urrun, bere enpresa sortu zuen. Lanpostuak sortu zituen eta kontratatzen dutenek eskatutako lanak egin ditu. Eta izan duen lan pilagatik esan daiteke ez duela oso gaizki egiten.

Beraz, Bilduk aukeratu duen Mendietako zuzendaria ezin egokiagoa izan da gaiarekiko ezagutza, eskarmentua eta inguru honekiko duen loturari dagokionez, eta ez dezagun ahaztu bere eginkizuna Ingurumena, Biodibertsitatea... zaintzeaz gain, Landa Garapenari laguntzea dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo