GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aberri Eguna Iruñean, krisialdiari aurre egiteko

Independentistak Sareak Iruñera deitu du Aberri Egunean, eta aurreratu du aldarrikapenak lotura handia izango duela Euskal Herriak bizi duen egoera ekonomiko larriarekin, estatu propiorik gabe «ez dagoelako krisiari aurre egiterik». Egun osoko «Indefesta» iragarri du Alde Zaharrean.

GARA | IRUÑEA

Independentistak Sareak Aberri Eguna Iruñean ospatzera dei egin du, datorren martxoaren 31n, eta independentziaren beharraren aldarrikapena Euskal Herriak bizi duen krisialdiarekin oso lotuta egongo dela aurreratu dute. «Geure bidea libreki aukeratzeko ezintasuna, hau da, menpekotasuna, eta krisialdiaren faktura erraldoiak batera datoz», adierazi zuten atzo Floren Aoiz eta Esti Mujika sareko kideek, Iruñeko Foruen Monumentuaren aurrean egindako agerraldian.

«Euskal Herria hipotekatuta dago eta halaxe segituko du geure bidea libreki hartzen ez dugun bitartean», azaldu zutenez. Era berean, Euskal Herrian ugaltzen ari diren ustelkeria kasuak ere «estatu ustelen» menpe egotearekin lotu zituzten. «Lotura horiek mozten ez ditugun bitartean, ustelkeriak kutsatuko gaitu», adierazi zuten.

Horregatik, aurtengo Aberri Egunean «gaizki pasatzen ari den jendea» gogora ekarri nahi du Independentistak Sareak, eta «krisialdia, murrizketak, estatutuen itxikeria eta ezarpenak, langabezia, etxe hustuketak, pobrezia, lan eta bizi baldintzen gainbehera edota ukazioak» azaleratzen dituen errealitatearen aurrean «argi utzi» nahi dute «badagoela etorkizunik, badagoela alternatibarik».

«Dei egin nahi dizuegu haserrea eta etorkizunaren aldeko apustua egiteko Iruñeko kaleetan Aberri Egunean», adierazi zuten sareko kideek.

«Indefesta», Alde Zaharrean

Egitarauaren xehetasun guztiak aurrerago emango badituzte ere, Aoizek eta Mujikak jai handi bat iragarri zuten, hainbat taberna, peña eta eragilerekin batera antolatua.

«Indefesta» deitu diote Aberri Egunean Alde Zaharra egun osoan hartuko duen jai horri. Aurreratu zutenez, «Kantujira nazionala» antolatu dute Orreaga Fundazioarekin batera, «ekitaldi politikoaren ondotik Alde Zaharrean kantuz» ibiliko dena.

Herri bazkaria ere antolatu dute Anaitasuna Elkartean (txartelak salgai daude www.independentistak.net webgunean), eta «Indetaberna» zabalduko dute Jarauta kalean, sanferminetan Gora Iruñeak baliatzen duen Alegria de Iruña peñaren lokalean. Bertan, hainbat ekitaldi burutuko dituztela esan zuten, baita Frantziako Atariaren ondoan jaialdia prestatzen ari direla ere. Argitu zutenez, baimenen zain daude.

Egun osoan animazioa ibiliko da Iruñeko Alde Zaharrean zehar, eta aurreratutakoaren arabera, hainbat peña, taberna, elkarte eta herri eragileren egoitzak irekita egongo dira. Festa, nabarmendu zutenez, «Euskal Herria askearen aldeko guztiei» irekita dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo