LITERATURA
Nobela beltzak euskal gatazkaren bidean lehen pausoak eman ditu
Iñaki Irasizabalek politikaren ildotik jo du bere nobela berria idazteko. «Bizkartzainaren lehentasunak» funtsean nobela beltza den arren, ETAk armak uztea iragarri zueneko testuingurua erabili du istorioa girotzeko. Bizkartzain baten lana eta bere gogoetak deskribatzen ditu.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskal gatazka oinarrian duen nobela beltza idatzi du Iñaki Irasizabalek. «Bizkartzainaren lehentasunak» (Elkar) fikzio hutsezko kontakizun bat da, baina idazten hasi zenean Euskal Herrian zegoen testuinguru politikoaren eragina nabarmena da. Izan ere, ETAk armak utziko zituela iragarri zuenean hasi zen idazten durangarra.
Literaturan, bizitzako alor guztietan bezala, modak daude. Azkenaldian liburu ugari aurkeztu izan dira gerrako haurren bizitza latzaren berri ematen digutenak. Aurretik, ordea, kasik ez dugu istorio horien berri izan. Era berean, euskal gatazka aitzakia hartzen duen nobela gutxi dago une honetan. Irasizabalek bidea hasi dio gai horri eta olatu berri baten hasiera izan daiteke liburu hau. «Enrique Urbizu zinemagileak erosi zituen liburu batzuen eskubideak, baina ez zioten diru laguntzarik eman ETAren inguruko fikziorik ez zuelako dirurik ematen -aipatu zuen idazleak- 40 urtean egunero irakurri izan ditugu albisteak egunkarietan eta jendeak ez zuen, fikzioan ere, gai bera jasotzeko gogorik».
Berarentzat ere berria da gai politikoa lantzea. Nobela beltza egin izan du orain arte batez ere, baina oraingoan prentsak une zehatz batean ematen zituen albisteetan kokatzen du testuingurua. «Argi utzi nahi dut nobela bat dela, fikziozkoa, eta pertsonaiak ere fikziozkoak direla», azpimarratu zuen idazleak inor kontrakoa esaten hasi baino lehen.
Protagonista Martin Goena da, garai batean militante armatua izan zena, eta orain zinpeko guarda bezala egiten duena lan. Aspaldian Erkiaga sailburuordearen bizkartzaina izan zen, eta honek, konfiantza osoz, lan bat egiteko eskatzen dio: ETAren barnean satorra izan den polizia bat babestea.
Nobelan ETAk iragarri du armak utziko dituela, baina oraindik ez du ezer ziurtatu. Zalantza une horretan norbaitek bere kabuz erasoko dion beldur da satorra. Nobelaren argumentua korapilatzen hasten da satorraren eta bizkartzainaren arteko harremana iluntzearekin batera. Era berean, Martini, une honetan politikarekin harremanik ez izatea nahiago duen gizonari, zalantzak sortuko zaizkio eta bere lehentasunak zeintzuk diren erabaki beharko du.
Bere liburuetan Gernika, Markina, Durango edo Zornotza aipatzen dituen bitartean, oraingoan Bilbon kokatu du istorioa Irasizabalek. «Hiri batek aukera gehiago ematen dizkio nobela beltzari herri batek baino, asmatutako pertsonaiak ez direlako hain identifikagarriak», zehaztu zuen.
Pertsonaia konplexu horien sorkuntzan izan du zailtasunik handiena, idazlearen esanetan. Adibidez, satorra nolakoa izan beharko litzatekeen pentsatu zuen. Euskal herritarra eta neurri batean euskalduna izan beharko litzateke, «flamenko andaluza izango balitz, segituan harrapatuko luketelako».
Bizkartzainaren lana deskribatzerakoan ere bere lekuan jartzen zen, nola arituko litzatekeen imajinatzeko. Nolanahi ere, ez zuen dokumentaziorik bildu nahi izan, ezta benetako bizkartzainekin hitz egin ere. Horregatik, Irasizabalek dio norbaitek esango balio kontatzen duena ez dela hala, arrazoia eman beharko liokeela. «Nobelek ez dute errealitatea kontatu behar, baizik eta errealitatearen itxura izan».
Ezohiko idazlea
Ez da idazle tipikoa, beraz. Buruan sortzen zaizkion ideiak kontatzen ditu inon alderatu gabe, ez duelako egia kontatzeko konpromisorik hartzen. Lana egiteko duen modua ere ez da ohikoena. Egunean 10-15 minutu idazten du, besterik ez, testuek freskotasuna gal ez dezaten. Hortik dator liburuak duen erritmo eta hizkera bizia.
Eta ohiko idazleek ez bezala, irakurle kluben gonbidapenei uko egiten die. Iruditzen zaio bera baino hobeto hitz egiten duenik badagoela, eta ahal duen neurrian irakurleekin distantzia mantentzen saiatzen da. Jendaurrean ez da eroso sentitzen; liburua aurkeztu eta dendetan salgai dagoenetik (11,30 euro) askoz lasaiago dagoela aitortu du.